APUSTUA | Bai Horixe - Bizargorri

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

APUSTUA

Atso ximel bat Lan-Kutxa-Bank-era joan zen behin, zakuto bat bete diru zeramala, eskudirutan. Aurrezki kontu berri bat irekitzeko, banku-buruarekin berberarekin hitz egin nahi zuela, ez beste inorekin, exijitzen zuen derrigorrean leihatilan, diru elemena zela-eta, seguruxeagotan ere! Eztez eta baietz, egingo ez egingo, luzaro jardun ondoren, atzenean behintzat eraman dute atsoa banku buruarengana, “bezeroak betiere arrazoi” legeari fede.

Bankuburuak ea zer diru-kopuru zekarren, bada, galdetu zion; eta atsoak 800.000 € zekartzala aitortu orduko, zakutoa mahai gainera hustu zuen brast!. Noski, jakinmina piztu zitzaion nagusiari, atso ximel halakoak diru pilo hura nondik demontre bildu ote zuen jakiteko. Eta galdetu egin zion atzera geratu gabe. Apustuetatik bizi omen zela, erantzun zion xaharrak. Harritu zen zeharo bankuburua eta ea, bada, zer apustu klase egin ohi zuen arruntean. Eta atsoak:

—Askotariko apustuak egin ohi ditut nik; era guztietakoak, aizu… Esate baterako, biok hemen gaudenez gero, 50.000 euroren apustua egingo nizuke oraintxe bertan, zuk ez dauzkazula bi potro; baietz zu ere, Franko zena bezala, barrabil bakarrekoa izan. Hahor apustua garbi askoa, nahi baduzu…

Barreak eman zion banku-buruari, leher gaizto egin zen arte ia. Apustu baboa omen zela hura; halako apusturik ez omen zegoela irabazterik sekula… Bere hartan gogor zegoen, ordea, atsoa:

—Apustua da egin dizudana; nahi baduzu hartu, nahi ez baduzu utzi. Baina ez irabaztun jarri oraindik: uso txuria aidean, ederragoa mahaiean.

—Konforme. 50.000 €: baietz nik bi barrabilak bere lekuan eduki! Bale?

—Ados. Jokoan diru asko dagoenez, ordea, bihar goizeko 10:00etan etor al naiteke nire abokatuarekin, lekuko fidagarria izan dezagun?

Baldinbaitere, baietz banku-buruak, berak ere sosak zituen-eta jokatzen. Gau hura, nolanahi ere, oso urduri eman zuen gizajoak, behin eta berriz ispilu aurrean bere potroak ukituz, banatuz, kontatuz. Eta bete-betean sinets-sinets eginik geratu zen bi barrabilen jabe zegoela eta apustua berak irabaziko zuela.

Biharamunean, goizeko 10:00etan puntu-puntuan, han agertu zen atso ximela bere abokatuarekin Lan-Kutxa-Bankeko buruaren bulegoan. Ohiko agur eta bosteko emate eta aurkezpenen ondoren, apustua egin zuen berriro: baietz banku-burua potro bakarrekoa izan, 50.000 €. Ezetz besteak berriro. Orduan, beraz, prakak jaisteko eskatu zion atsoak, barrabila edo barrabilak ikusteko… Halaxe egin ere egin zuen banku-buruak eta atsoak, hurbildurik, makurturik, potroetara begira astiroki jarririk:

—Barka, baina… –esan zuen lotsati antzean–, diru asko dago jokoan eta eskuz poltsa hartzen utziko al didazu, arraultzak bat ala bi diren egiaztatzeko?

—Bai, emakumea –jauntxoak seguru–. Begiratu, begiratu… eta ikusi!

Atsoa hurbildurik, barrabilak harturik, haztatu eta haztatu ari zelarik, hara non banku-buruak ikusten duen abokatua buruarekin paretari kolpeka…

—Aizu… Zer ari da hori…? Zer du horrek…!? –galdetu zuen zur eta lur.

Eta atso ximelak, irriño gaizto bihurriz, erantzun zion:

—Deus ere ez. Apustua egin diodala horri ere: 150.000 euro, baietz gaur goizeko hamarretan Lan-Kutxa-Bankeko buruaren potroak nire eskutan hartu.

Hahor…

Bizargorri, 2019-10-30

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031