>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BOTO ESKUBIDEA

Honezkero jakinaren gainean zaude, noski, datorren igandean botoa ematea tokatzen zaigula guztioi hemen, Espainiako Gorte Nagusietarako Hauteskundeak medio. Ez dakizuna, ordea, da zenbat debeku eta gorabehera mingarri jasan behar izan duen hemen zenbaitek botoa eman ahal izateko, zergatik?, eta adimen-gaitasun urriko izateagatik. Horietako bat ezagutzen dut aspalditik Hondarribian, Naiara Oronoz Mitxelena, 37 urte. Ikusten dudanero miresten dut. Haren kontuak nahi dizkizut kontatu zuk ere ezagutu dezazun.

Hemezortzi urte bete zituelarik, aldian aldiko hauteskundeetan botoa normal-normal ematen hasi zen Ainara; harik eta, hogeita sei bete zituenean, “adimen-gaitasun urriaren” eskabidea egiteko aholkatu zieten arte gurasoei, hala alabaren eskubideak babestuago izango zituela-eta; pentsio kasuan, kasu. Hantxe hasi zitzaien kalbariotxoa, hala luze jasaten nola labur kontatzen zaila.

Fiskal, auzitegiko mediku, epaiketa, Justizia Administrazio…

Lehendabizi tokatu zitzaien fiskalak, baietz, lasai egoteko, berak zuela eskabidea egingo Naiarari boto-eskubidea manten ziezaioten. Horretarako, ordea, auzitegiko mediku batek derrigor behar zuen ikusi eta baloratu; eta, hamar-dozena bat minututan, erro karratu bat eginarazi zion neskari eta ea zer esan nahi zuen “Más vale pajaro en mano que ciento volando” esaldiak galdetu. Gaztelania puruan, jakina; euskaraz tutik ere ez! (Neuk ere ez nuen, seguru asko, gaindituko halako proba. Ez dakit zuk).

Geroago, Ministerio publikoaren aurrean, garai hartako partidu politiko eta politikari espainiarren izenez galdetuta, erantzun zuzenak eman zituen arren, alfer-alferrik: sententzia kontrakoa izan zen, gure Naiara ez omen zela-eta gauza (“ezgaitasuna” omen zeukalako) mezu politikoak egiazki ezagutzeko. Ño, joan eta harrapa ezan apoa buztenetik! (Eta egiak esaten hasita, egia ere da Naiararen egoera paretsuko beste neska-mutil batzuei aldeko sententzia eman zietela: segun-eta zein epaile erabakitzaile tokatzen zitzaion bakoitzari).

Helegitea aurkeztu zuten Karmele amak eta Jon aitak. Ez alferrik! Ez zieten-eta onartu ere egin… Bien bitartean, irrati-telebistetan esan eta esan ari ziren, gurasoen atsekaberako, etorkin guztiek zeukatela botatzeko eskubidea berez eta legez; eta ez hori bakarrik, famako egin zen garai hartan Nazio Batuen Erakundearen (ONU) adierazpena, alegia, pertsona guzti-guztiek, pertsona izateagatik hutsagatik, omen daukatela botoa emateko eskubidea.

Hala eta ere, «Euskal Autonomi Elkarteko Justizia Administrazioaren Ofizio Papera» bidali zieten Naiararen aita-amei hemengo epaile mozorro bezain zorrotzek, eskuetan daukadana, helegitearena ukatuz. Politikari eta partidu politikoen izenak jakitea ez omen da aski; partidu bakoitzak bultzatzen dituen proiektu eta proposamenak ondo ulertzen eta zuzen kontrastatzen jakin beharra omen dago, zera! (Neu ere ez naiz horretaraino iristen. Ez dakit zu).

Labur-labur kontatuta ere, ikusten duzu zenbat buruhauste eta sufrikario jasan behar izan duten batzuen batzuek etxe barruko isiltasunean. Naiarari, eta beste zenbaiti, ukatu izan diote boto eskubidea urteetan, hemen bertan, beste inor adina izan arren eguneroko lanetan. Gurasoen temari esker, halere, heldu den igandean botoa ematera joango da harro asko gure Naiara. Bejondeizula!

Bizargorri, 2019-11-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2019
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930