Badut nik laguntzar bat (ormaiztegiarra aspalditio) esaten duena maiz “gauza ulertu ezin asko dagoela gure artean, baina horietako bakoitza arrazoi ustez sendoz defenditzeko argudio askoz gehiago, aldeko nahiz kontrako jarri”. Herenegun aurrekoan, berarekin ezustean topo egin nuelarik, beste behin berriz oroitarazi zidan bere betiko esalegea, gaur egunotako hamaikatxo adibide bizi bitxiz atonduta, ordea. Hamaika ulertezinetatik hiru dakartzat, tokirik ezean. (Falta dira: Altsasuko gazteak, errege demokratikoa, nafar euskarafobia, …).
«Holako gauzaik buruk ezin eman zezakek, moteil!», esaten zidan. Bat. Norbere etxetik bizpahiru egun pasatzera nora-hara joan eta bueltakoan etxea jende arrotzez okupatua aurkitu eta ezin ezer egin; kale gorrian geratu behar norbera, miserable gisan… Bi. Itotzetik libraturik, «Aita Mari» itsasontzira jaso ia ehun haur-andre-gizon eta porturik zabaltzen ez inon lehorreratzeko; beraz, ontzian beharko geratu, pobre miserable gisan… Hiru. Zer dela-eta ez daude zabortegiak eta erraustegiak hiririk handienen erdi-erdian (Bilbon, Donostian, Madrilen…), garraio luzeak gutxituz, bertantxe da-eta zaborra gehien-gehiena sortzen? Mutiloa-Ormaiztegiko zabortegia (zorionean!) itxiagatik, Zubietan da jadanik erraustegia (zorigaitzean), aldirietakoak gaixo miserable gisan utziz…
«Inola jan ezineko gauzon alde, argudio sendoak zeudek gure gainetik», esaten zidan gero. Bat. Legea halaxe dago eta kito: jabeak isil-isilik itxoin behar du kalean… Bi. Europa zuriak ezin jaso du hainbeste pobre beltz; horiei beren herrian bertan eman behar zaie lana eta jana; bien bitartean, hor konpon… Eta hiru. Joxe Inazio Asensio jaun diputatuaren esanean, “akabo zabortegiak gure probintzian; hemen da zorionez erraustegia, gure erraustegia!, horrek eragingo baitigu ekonomia zirkularra; hau da, hondakinak lehengai bihurtu eta energia birsortu; ez, orain artean bezala, hondakinak zabortegietan lurperatu eta alfer-alferrik galdu; kaltea baino gehiago da abantaila”. Hori dek arrazoia…!
Nire laguntzar ormaiztiarrak esaldi potolo batean guztia laburbildurik («Moteil, moteil! Pobreak, pobre miserable gajoak beti; eta gainekoak behekoari “hago isilik eta izorrai!” ari zaiok beti»), Eduardo Galeanoren justizia sozialari buruzko historia gogoangarria gogorarazi zidan, nire atseginerako.
Juan Pio Acosta, XIX. mendearen atzenetan, Brasil-Uruguaiko mugatan herriz herri ohi zebilen lanean, hango-hemengo egitekoetan. Zaldi-karro batean bidaiatu ohi zuen batera eta bestera, lehen, bigarren eta hirugarren mailako txarteldun bidaiariak lagun zituela. Juan Piok “terzerako txartela” erosten zuen, noski, beti. Behin ere ezin ulertu izan zuen zer kristogatik zeuden hiru prezio diferente, guztiek bidaiatzen baitzuten berdin-berdin, gutxi ala asko ordaindu: batzuk besten kontra pega-pega eginak, bideko hautsak irensten, akabera gabeko triki-traka enparagarrian, alajaina.
Ulertu ezin zuen inola; buruak ez zion ematen; ezta hurrik eman ere… Harik eta behin, neguko egun malapartatu batean, karroa lokatzetan sartu eta ez aurrera ez atzera gelditu zen arte. Eta orduan zalgurdizainak agindua eman zuen, argi asko eman ere, den-denek den-dena ondo entenditzeko moduan:
—Lehen mailakoak goian geratuko dira!
—Bigarren mailakoak behera jaitsi eta itxoin!
—Hirugarren mailakoak, berriz…, “terzerakoak”, zatozte bultza egitera!
(Ormaiztei, primeran pasa fin-fin Sanandresak: akabo zabor zikin aldrebesak!!).
Bizargorri, 2019-11-27