Joan zen Olentzero, joan omen da Bizar Zuri eta joan berri zaizkigu hiru Errege Magoak ere, estreinatu berri-berri dugun urte hau Urte Zahar bilakatuko zaigun arte. Bien bitartean, hogei bat egunotan, haurrak oporretan ibili dira han eta hemen; zorionetan, baldinbaitere. Bien bitartean, hala etxeko nola patrikako telefonoak isildu ere egin gabe aritu dira jo eta hots; mezu, dei, abisu eta abar… Haurrek poza dakarte; telefonoek, hotsa. Hala poza nola hotsa ere onak dira, eskertzekoak dira, barren betegarriak dira. Baina, neurri batean beti ere.
Izan ere, oporrak amaitu berri diren honetan eta eskolak hasi, aitona-amona askoren kasuetan (ez da nire kasua; badaezpada diot), erabat aldatzen da etxeko martxa: ume bat hara eraman, bestea hona ekarri; bata jolastokian zaindu, bestea non edo han mantendu; bata gobernatu, bestea lotaratu… Nik baino gehiago badakizue zuek ere, seguruenera; ala…? Bueno, bada; tankera horretan bizi den gure etxekoneko baten kasua kontatuko dizuet; herenegun bertan, umeak ikastolara hasi berri-berritan gertatutakoa, agidanean.
Gure etxekoneko senar-emazteok, ikusirik opor ondoren honetan zer datorkien beren bost seme-alaben zazpi bilobekin beste hamaika alditan bezala (atarramendu onik ez, noski), erabaki eta egin ere egin dute, etxeko telefonoan (seme-alabek etxekora deitzen baitute ia beti), erantzungailuan, honako “grabazio” hau ezartzea amonaren ahots ezti-gozoz, inozente eguna balitz bezala. Hala, haiek deitutakoan, hauxe entzungo baitute; eta aitona-amonak, aldi berean, erantzunaren zain geratuko baitira, ironiaz barrezka. Onegia izatea ere ez da-eta ona. Horra ustezko erantzungailuarena:
«Kaixo.
»Une honetan ez gaituzu etxean. Hala ere, mesedez, azken seinale hotsa entzun ondoren, utz iezaguzu zure mezua, ahalik eta azkarren erantzungo dizugu eta. Tttiiippp…
»Baldin eta gure seme-alabetakoren bat bazara, saka ezazu 1a eta, ondoren, 1etik 5era, adieraz iezaguzu zenbatgarrena zaren mundura etortzen etxeko bost senideen artean; hartara jakin egingo dugu nor zaren. Hurrena:
»-umeren bat eskolatik jaso edo parkean zaindu behar badugu, saka 2a;
»-autoren bat behar baduzu, aitarena edo amarena, saka 3a;
»-bilobetakoren batek gurean lo egitea komeni bada, saka ezazu 4a;
»-arropak garbitzea edota lisatzea nahi baduzu, saka 5a;
»-umeekin etxean gera gaitezen nahi baduzu, saka 6a;
»-biharko edo etzirako bazkaria prestatzea nahi baduzu, saka 7a;
»-igandean bazkaltzera gurera baldin bazatozte, saka ezazu 8a;
»-diru hondarren bat, gastuen lagungarri, behar baldin baduzu, saka 9a;
»-eta, bukatzeko, baldin bidaia edo antzoki edo jatetxe edo jaialdi edo halakoren batera gonbidatu nahi bagaituzu…, has zaitezke zuzenean hizketan, entzuten ari gatzaizkizu eta».
(Bilobez ari naizenez gero, eta ilobak ere aparte ez dauzkagunez, ZORIONAK, gaur, Axier, hire urtebetetze egunean. Urte askotarako!).
Bizargorri, 2020-01-08