Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OKERRAK ZUZENTZEN

Urtea joan, urtea etorri, bizitza osoa daramagu okerrak zuzentzen; edo zuzendu nahian, bederen. Ai, intentzioa aski balitz, lehenago apaizek esaten ziguten gisan. Hala balitz, beste kuku batek joko liguke… Ai, nahia baizen ez balitz…! Asmo txarrekoak ez gara. Aldrebes: asmo onetan gabiltza gehienean; geroko neurriak eta neurriak asmatzen gu beti. Urte berria etorri aldiro, batik bat. Urte berriaren pozean eta auzo zaharraren isilik, gutako bakoitzak zer du kolkoan, zer du xede, zer du gogo…? Bada, okerrak zuzentzea, hain zuzen.

Okerrak, izan ere, sarriak eta ikaragarriak izaten baitira edozeinenak ere. Ikusi besterik ez dago egunotan egunkarietan datozenak; urte zaharrean zehar, kirol munduan soilik, entzun ditugun disparateak. Batzuen batzuk soilik ditut oroituko; negargarriak, barregarri gerta daitezen. Sergio Ramos futbolariak museo batean, ustezko adituaren ustelez: «Horrako hori Carpaccio bat ez da?»; eta Caravaggio-ren kuadroa zen… Marca-n: «Hamalau urte izoztuta egon eta gero, azkenean, hilik agertu da». Kasualitatea…! Saskibaloi partida batean: «Ekipoa moldatzen hasia da jadanik, bere okerrak mejoratzen». Emendatzen eta areagotzen…!? Futbolean, konexioa: «Hemen gaude gau…, goiz…, arratsalde guztiz eguzkiz bete batean». Hogeita lau orduko eguzkitan…!?

Okerrak badira, bai, franko; eta intentzioak, asmoak, xede berriak, berriz, ez gutxiago, alajainkoa. Ikusi besterik ez dago jimnasioak lepo nola bete (omen) diren jendez, beren txitxiak xehe-xehe egin nahian txorrotx. Bestalde, geure probintziako jirari begira jarrita, auzo-herri adina asmo-berri bada: auto berritan CO2 isurketak latz kontrolatzeko araudia; Tokio 2020ko Olinpiar Jokoetarako hainbat kirolariren prestaketa; aurtengo Euskaraldiaren harira, euskaraz lasai hitzegiteko modua jartzen duten lekuen, “ariguneen”, bultzada; Elkartasun Karabana medio, bederatzi kamioi bete elikagai eta sendagai Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara eramatea…; Zaldunborda, Errauste planta, Guztion Alardea(k), Turismo tasa, Metroa, Euskal Y-a…

Oker handi horiek guztiak konpontzen badago lana, guztiok arduratsu egin beharreko lana. Badira, baina, egunero-egunerokoan, gutxi batzuek errazki konpon ditzaketen okerrak; utzikeriaz maizegi egin ohi dituztenak. Zergatik?, eta Mari-patxada edo Peru-gibelandi zenbaitek bulegoren batean erraz aldera jotzen dutelako erruz. Iturritik ura eta utzikeriatik okerra… Gure probintzian gehien saltzen den periodikoan, kasu, eskelak asko datoz goizero. Eta euskaraz bertsoren bat edo testuren bat ageri denean, sarri oker larriak ohi dakartzate. Hondarribian astebete ez da gure ezagun gazte mina zendu zena, zorigaitzean, ilargi beteko egun batean: Joseba Romero Oronoz. Bertso hauxe jarri nion:

«Ilargi txoil betea dela agirian,

kanpaiek joa triste gaur Hondarribian,

zu jaiotzen ikusi zintuzten hirian…

Idazkari, Joseba, gure familian,

ez zaitugu ahantziko “Txangai” Konpainian».

“Txoil” hitz arrunta da hemen (oso, erabat, total). Lehen lerroa honela atera zuten: «Ilargi txori betea»; hirugarrena: «zu jaiotzen ikusi zituzten hirian»; eta, errematerako, data: “2020ko urarilaren 10ean”. Ez dago deretxorik! Hire omenez, okerra zuzendu nahi izan diat. Barka ezak. Agur eta ohore, Joseba!

Bizargorri, 2020-01-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031