>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ONENA HELTZEAR DAGO (1)

Orain hurrenagoko batean agindu bezala, hel diezaiodan nire haurtzaro aspaldikoari eta konta dezadan “gure jaiotetxeko ume koskorron bizimodua”. Hirurogeitaka urte joan eta gero memoria honek hutsune handiak dituen arren, beste horrenbeste orri beharko nituzke kontaketez bete, nire lehen urteetako gorabeherak (ingurua, giroa, pasadizoak eta abarrak) adierazteko. “Onena heltzear dago” barru-barruan aldiro uste/nahi izaten dugun arren, hamarkada hura izango nuen, seguru asko, nire bizitzan bizitakorik onena… Akaso, ordea, egia izango den arren beste harena ere: alegia, gaur egun ustez oroitzen duguna eta lehenago benetan bizi izan genuena ez direla biak gauza berbera.

Gazteen aurrean honetaz guziaz mintzatzen naizenero (eskola, institutu), “ni Erdi Aroan jaioa naizela” esan izan diet; nire jaiotza eta etxe-giroa duela lau edo bostehun bat urte jaiotako ume baten oso antzekoa gertatu zela… Ni etxean bertan erditu ninduen amak (auskalo nola…!); etxe hartan ez zen argirik, ez zen urik, ez zen dutxa-tokirik; kakak eta pixak zuzenean ukuilura joaten ziren plaxt! bizpahiru oholen erdiko zulotik; beheko ukuilua bera zen han kalefazio bakarra; sukaldea beheko sua edo laratza zen hasieran, baita ekonomika ere geroago; almazena, etxe-abere eta pertsonentzat, ganbara; atariko atea ez zen egundo giltzatzen, badaezpada, inork laguntza edo babesa behar izanda ere…

Eskolara bospasei urterekin hasi bitarteko zera guztiak ahanzturaren gandupean daduzkat, baina ez horregatik erabat atzenduak. Urte haietan iritsi zen argindarra gurera (gorabeherak izaki, joan ere egiten zen maiz; orduan gu kandela edo kriseiluekin mugitzen ginen baserrian); urte haietan ekarri zuten ura ere gurera (lehenago teilatutiko ura jasotzen zen tiñakoan eltzekarietarako edo errekatik ekartzen zen barriketan gurdian; edatekoa nik Iraegiko iturritik garraiatzen nuen marmitatxo batean); urte haietan pozarren egoten nintzen arratsetan artazuriketan, kantu eta kontu zaharrak entzunez; urte haietan hasi nintzen etxepeko soroan ittulan, behi parearen aurrean makilatxoaz gidari; urte haietan laguntzen nion amatxori taloak egiten, aitari idien lepagainean uztarria uhalez lotzen, pertikan kabila sartzen, gurdiari kartolak jartzen, …

Memoriak eman ahala, akaberarik ez lukete berehala kontuok. Batzuk utziko ditut, hortaz; ez denak, horratio! Etxeordea. Hala deitzen diogu baserri ondoko etxetxo edo bordari. Han, behe partean, lanabesak gordetzen ziren eta abereren bat edo beste gobernatzen; goian, berriz, oiloak eta oilarra bizi ziren: egunez jare eginik aztarrika, gauez kotatan lo. Txerritegia. Ukuiluko bazter batean, eskailerapeko zuloan, zerrama egoten zen; umeak izaten zituenean, han egongo nintzen gozatsu, amari titietara kumetxoak (ze politak, ene!) hurbilduz.

Abereekin bat bizi ginen, armonia onean, harik eta, geu bizi ahal izateko, animalia gajoak hil beharra tokatzen zen arte. Eta hartuko zuen aitak untxi bat, lepagainean seko jo, odolustu eta, sukaldeko harraskan bertan, larrutuko zuen, ni begira nintzela; hartuko zuen amak oiloa, lepoa aizkoraz moztu, odolustu eta mandioan lumatuko zuen, nik laguntzen niola; hartuko zuten aitak, osabak, etxekonekoak eta harakinak zerria kurrixka eta irrintzi, lepotik burdin okerraz heldu, kutxiloz odolustu (nik buztanetik heltzen niola), eta garotan erreko genuen, barruak atera ondoren gero, gau osoa zintzilik uzteko; hartuko zuen norbaitek txekorra, eliza-atzeko mataderira eraman eta matarifeak kopetan mazo batez danba! jo eta seko botako zuen lurrera plausta!, neure begien bistan.

Bizargorri, 2020-03-18                       (Onena heltzear, hau ez da akabatu).

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2020
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031