>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SUHIEZ

Lau alaba laztan izan zituen aita hark esana zien lauei, artean gaztetxo izaki nobio bila-bilaka zebiltzala, edozein mutil polit aurkitzen eta aukeratzen zutelarik ere, bakarra ere ez zela sekula suertatuko bere gustuko, bere begiko… Egia esan, gerora ez zen zinez hala gertatu; baina bai lauetako batekin bederen. Egun batean behin, San Jose egunarekin etxean lasai arraio zela, txirrin hotsa entzun, atea ireki eta hara non presentatzen zaion hirugarren alabaren nobioa.

—Arratsalde on, gazte –etxeko jaunak–. Zerk hakar gurera?

—Ba, begira… –mutil bisitariak–. Zurekin hitz egin nahiko nuke.

—Pasa hadi… Aurrera… –eta behin salan aurrez aurre–. Heuk esan…

—Hara, jauna –gazteak, zirt-zart ausart–, zure alabak eta biok elkarrekin bizi nahi dugu eta, horretarako, ezkondu egin nahiko genuke. Lehenbailehen.

—Ondo zagok, primeran! –aitak, barre-samur–. Baina, esaidak: soldata duin baten jabe al haiz gure alaba eta zuen ondorengoak ondo mantentzeko?

—Ba, ingeniaria naizen arren –mutilak adorean sendo–, ez dut askorik irabazten. Zuen alabak, ordea, esana dit zenbatsu duzuen zuk eta emazteak jasotzen. Beraz, espero dugu lagunduko diguzuela zenbait behar-beharrezko gastu ordaintzen: telefonoa dela, gasolina dela, eguneroko jan-edana dela…

Harritu zen pixka bat baino gehixeago ere erantzunarekin aita eta:

—Bueno… Eta –galdetu zion gero– zer asmotan zabiltzate? Etxea ala apartamentua erosiko duzue? Ala nahiago duzue etxebizitza alokairuan hartu?

Senargai bisitariak orduan, begirada xalo adeitsu batekin, erantzun zion:

—Arestian diru-laguntza pixar bat eskatu dizudan gisa berean, zuen etxe hau hain handia denez, bi senar-emazte ere lasai ederrean bizitzeko adinakoa, zera bururatu zaigu, ez daukagula zertan etxebizitza erosten edo alkilatzen hasi beharrik. Zertarako, hau edukita? Hemen bizi nahi dugu, zuekin batera, hahor.

Etxeko jaunak, bere senetik ateratzeko zorian ordurako, nahasi xamarrik:

—Eta…, esaidak ba –galdegin zuen–. Hik ba al daukak autorik?

Eta irri-airez mutil gaztearen erantzuna:

—Ez dut, ba, ez, autorik nik. Izan ere, ondo pentsatzen jarriz gero, zuk hiru izanik, zertarako erosi behar dugu guk beste bat? Zuk hirutako bat utziko diguzu, ala…?

Une hartantxe, andregaiaren ama sartu zen bi gizasemeak berriketan ari zireneko salara. Mutil gazteari begira lehendabizi eta bere senarrari hurrena:

—Hitz luzeak eguna laburtzen omen du –komentatu zuen– Hori da hori, gero, jarduna daukazuena…! Zer ari zarete zuen artean? Jakin ahal baliteke…

Eta senarrak:

—Ene maitea, hona hemen “arbitro” jauna, gure hirugarren alabatxoaren senar izan nahi omen duena.

Gazteak di-da!, asaldaturik, haserre samarrik:

—Aizu, aizu… Zer dela-eta deitzen didazu niri “arbitro”!?

Eta orduan, ustez laster batean aitaginarreba eskuzabal izango zenak, akabera zorrozki eman zion auziari:

—Eta… bestela nola nahi duk, ba, nik hiri dei diezaadan, e…!? Orain arteko guzti-guztian hik, heure aldetik, txilibitua besterik ez duk-eta jarri!?

 

Bizargorri, 2020-03-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2020
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031