Joan den mendeko 50. hamarkadako Ormaiztegin baserriko nire ibilerez eta abeleraz ari natzaizu kontu kontari, bi astez behin. Segi dezadan aurrera, oroimenak aldiro zer esana eman ahalean… Gaurko honetan bost bat jardun edo egitekoen berri nahi nizuke azaldu, orriak eta etorriak emanenean.
Amarekin lixiba jotzera errekara joaten nintzen, ez zelako etxean urik, ez auzo inguruan teilatupeko beste lixiba-tokirik ere. Errekara ez, aldaparora. Aldaparoa da erreka nagusitik albora irekitzen den ubide edo kanala, urak errotara eramateko. Eta guk etxetik ehun metrora genuen, soro barrenean. Amak barriñoi batean arropak, mantalak, izarak eta abar zikinak hartu; nik besapean egurrezko ohol koxkatu bat, eta biok haraxe joaten ginen zapatu goizetan, ateri bazen. Ohol gainean xaboiez igurtzi-migurtzi, uretan plist-plast busti, bihurrika ura kendu eta etxera buelta biok, arropak zabaltzera…
Aitarekin, osabarekin eta aitonarekin udazkenero garotara joaten ginen. (Baita egurretara ere beste noiz edo noizka). Garoa ukuiluko ganaduen azpitarako erabiltzen zen. Idi parea ez bazen, behi parea atera eta uztarrira lotuko genituen, beren kopetako eta guzti. Gero gurdia ezarri eta basora abiatuko ginen, Lapurretxetik eskubitara gora. Han goizean goiz aurretiaz ebakitako garo gorria gurdira jasoko zuten. Ni, bien bitartean, animalia bien aurrean euliak uxatzen edukiko ninduten… Behin, gogoan dut nola lore baten gainean “elbi politte” ikusi, gustatu eta drast! nola heldu nion atzamarraz… Heldu, berak heldu zidan niri, liztorra zen eta. Hura handitua! A ze mina…!
Bakoitzari bere sasoia heltzen zitzaionean, artoa eta garia biltzen ziren sorotik etxera. (Baita belarra eta oloa eta garagarra ere). Arto landare tenteari artaburuak kendu eta haiekin gauza jakina zegoen zer zetorkigun ondoko egunetan: zuritu, aletu, zakutan gorde, errotara eraman eta taloak edo ahia (aie) egiteko irina ekarri, errotariari kiloko hainbeste utziz (“lakak kendu” zeritzan horrek)… Makina handi bat ibiltzen zen baserriz baserri txandan-txandan garia jotzen. Garia igitaiez ipurditik moztu eta azao edo sortatan uzten zen aurrena soroan pilotan zutika (indio-txabolak niretzat); etxe atarira eraman gero eta makinan alde batetik osorik sartu eta besteko aldetik, trikili-trakalu!, alea bereizten zuen lastotik berak: gari-aleak zakura biltzen zituen, eta lastoa, tubo batetik gora, ganbarara botatzen. Hauts zuria nonahi, hura kuxidadea…!
Eta egurrak txikituko genituen (enborrak burni-ziriak sartuz lehendabizi, puskak aizkoraz gero); eta behia susara zenean, Gabiriako etxe batera eramango genuen, oinez noski, zezenak estal zezan (hura kate eta marru hotsa!); eta txerria irentzera etorriko zen baten bat, edo tximinia garbitzera (kedar beltzak kentzera); eta, neu ittulan nintzelarik, soroan goldeaz irauliko genuen lursaila, karramarroaz urratuko eta areaz “orraztuko”, belar txarrak kenduz; eta noizik behin hiru behi zaintzera bidaliko ninduten bi-hiru ordutarako kanposantu ondoko zelaira, kilometro bateko bidean (orain bidali behar 8-9 urteko mutikoa bakarrik hiru behiekin!!!); eta sega pikatzen lagunduko nion aitari; eta…
Hori bai, gauero-gauero, ohera joan aurretik, beheko suaren jiran bilduko ginen etxeko guzti-guztiok errosario santua errezatzera: bost misterioak, hasteko: “Agur Maria, graziaz betea…” eta “Santa Maria, Jaungoikoaren Ama…”; eta latinezko letania, amaitzeko: “Kyrie eleison…, Mater inviolata…, Virgo potens…, turris eburnea…, refugium peccatorum…”. Amen omen.
Bizargorri, 2020-04-01