>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

IAIO BATEN HISTORIA

Bihar beteko da aste bat Libururen Nazioarteko Egunarena, Cervantes eta Shakespeare hil zirenekoa; bihar bi aste, beste idazle iaio bat zendu zela:

Luis Sepúlveda Calfucura. 1949ko urriaren 4an jaio zen Ovalle herrian, Txilen. Idazle, kazetari eta zinemagile izaki, idatzitako ipuin eta nobelengatik egin da, batez ere, munduan ezagun. Gorabehera handitako bizitza han-hemen eraman ondoren, bihar beteko dira bi aste zendu zela Oviedon, apirilaren 16arekin, zoritxarreko Covid-19 malapartatuak erasanda, hilabete eta erdi ingresatuta egon eta gero… Ni zain egon naiz non harenik zer jasoko komunikabideetatik. 14 egun igaro dira hil zenetik, eta halako idazle handia gehiago erakutsi digute medioetan (erakutsi izan diguten bakanetan) koronabirusak eraman duelako, bere idazki, ekintza eta film-gidoien merituengatik baino. Huts handi horren betegarri txiki, hona nire ekarpen ttikia haren bizitzaz, obraz eta abarrez.

Haurtzaroa eta gazte denbora aitaren aldetiko aitona-amonekin igaro zituen Santiagon, eskolan ikasiz lehendabizi eta unibertsitatean gero. Amonak egunero irakurtzen edota kontatzen omen zizkion ipuinak, hain dotore kontatu ere, esan ohi baitzuen Luisek bere amona hura ipuin asmatzaile zoragarria zela: «inventora de cuentos maravillosa». Eta, gerora, hahor: “zuretik ezpala”.            Estudiantetan, Gazte Komunisten lider zelarik, animaren animoa gorria izaki eta ekintzetan iharduki, preso hartu, torturatu eta erbestera bidalia izan zen. Hala ere, bere burua etsi-gaizto egin gabe, 1977an Txile utzi eta Hego Ameriketako hainbat estatutan ibili zen hara eta hona: Argentina, Uruguai, Brasil, Paraguai, Ekuador, Nikaragua… Azken honetan iraultza sandinistan esku hartu zuen. Ekuadorren, berriz, Shuar izeneko indigenekin batera bizi izan zen oihanean; han idatzi zuen “Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea”. (Liburu zoragarria; baduzu euskeraz, nahi izanenean). Azkenik, Europan zehar, Alemanian-eta, egondu ondoren, Gijonen jarri zen bizi izaten; oraintsu arte, aurtengo birus malapartatu honek eraman berri digun arte, 70 urterekin.

Haren bizitza eta idatziak, hil ondoko egunotan, ahaztu xamarrik egon diren moduan hemengo prentsa, irrati eta telebistetan, askoz ahaztuago dago, ahaztuagoa dagoenez, nire lagunik handienak aspaldi euskarara itzulitako liburutxoa: “Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena”, 1996. urtean Alberdania-k argitara emana. Hauxe duzu hango istorioa: katu handi, beltz eta gizena da Zorbas. Hanburgoko portu inguruan bizi da bere lagunekin: Orojakitun, Colonello eta Haizalde. Egun batean, kaio bat agertzen da Zorbasen bizitzan, ezinean, hil-zorian, itsasoko petrolio isuri batek kondenatua. Zorbasek hitz ematen dio errun berri duen arrautzatik sortuko den kaio-kumea haziko duela eta, zailagoa dena, hegan egiten irakatsiko diola. Eta hitza beteko du katu adiskideen laguntzaz. Gazteentzako kontakizun bikaina: 8 urte edo 100 izan…

Ez dakit petrolio isuri batek edo Txinako birus batek kondenatuta, inora irten ezinean gauden honetan, etxealdian, irakurgai aproposa irizten diot liburu horri… Irakurrienean, etxeko gazteek, kaioak bezala, etxeko balkoitik hegan egiten ikasiko dutela agintzen dizut. Eska ezazu udal liburutegian edo Interneten. Eros ezazu, bestela, baldinbetan. Horra kaio hegalaria dantzan, iaio idazlariaren alabantzan. Irakurri itxialdian euskaraz ere? Ai, egia hala bazan…!

 

Bizargorri, 2020-04-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930