>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ARRAKA ETA KAITANO

Astigarrak hosto-gorri dauden urte sasoi honetan, itsasoan urak hotz. Eta latza arrantzako lana. Orain bezala duela ehun urte ere… Orduko gertaera iritsi zait, Fernando Artola “Bordari” jaunak erderaz idatzia, Mikel “Muxarra” lagun xaharraren eskutik. Euskarara ekarriko dut nik, neure gisara.

“Arraka-zarra”, patroi adintsua, urrezko belarritako batez ezagutu izan genuen guk, Ternuaraino arrantzara bidaiatua zela seinaletzat harro zeramana. Arraka zaharrak, urte mordoek abailduagatik, harro-potente mantentzen zuen setati bere bihotz gogorra. Itsas-otso hil arte, urteen zamak itsas-bidaia luzeak eragozten-eta, traineru batean ibilki zen: hamahiru arraunlari eta bera patroi. Hala behin, neguan sartuak ordurako, arraun eta boga, Kaitanok, aurpegia emanez, txarretsi zion haren seta zoroa: iparrera eta iparrera jotzeko mania.

—Nire aginte eta aginduekin konforme ez dagoena, uretara!– Arrakak.

Burdinazko gizonek pitzadurarik ez, eta Kaitanok, haserre txoll, uretara bota zuen bere burua, estimuan minduta. (Bada bultz eginda botatakorik ere hamaikatxo, arrantzaleen historian). Bihotz ikararik ez Arrakak; lasai, aurrera:

—Eta…, hemen konforme ez dagoenak jakin dik zer egin behar duen!

Isiltasuna erabatekoa zen; arraunen plisti-plastak hausten zuen tragedia gisako haren inguruko kalma. Kaitano gizajoa atzean geratzen ari zen, geroz eta atzerago. Trainerua (gaur egungo “Ama Guadalupekoa” izan zitekeena), bien bitartean, norteko bandan, itsas-otso xahar baten kasketaren kausaz… Eta irago ziren ordu pare bat ere… Inor han ausartzen ez zen patroiaren egoskorkeria zitala salatzera. Batzuek prest zeuden beren lagun errukarriak egina egiteko, baina patroi heste-gaizto haren beldur ziren; izu!

Hitz-hots marmarioa sortu zen bat-batean errukia erreguka; baten bat jarri ere jarri zen guztien nahiaren bozeramaile… Ez alferrik! Itsasoan zehar faki zen untzia iparrerantz, uberan herio arrastoa utziz. Zenbat eta gehiago erregutu, orduan eta gehiago hartzen zuen patroiak laineza berean, temoso. Harik eta denetan helduenak, arraun biak alde batera utzi eta, negarrari eutsi ezinik, kantari ekin zion arte honela:

Patroia, entzun zazu; entzun, ai, faborez!

Kaitano gizajoa ez izan kupirez.

Oroi zaitez, oroitu, aren familiyez.

Ayek ez dute kulpik. Alda zazu bidez!

Bigarren bertsorik kantatu beharrik ez zuen, agidanean, izan. Egundo negarrik egin gabeko gizonak, damu-min gordeaz begiak bustirik, jira egin zuen eramaki zuten bidean, sekulako ziaboga eginez, egundoko bizkorrena.

Hartara, haizea aldeko zutela (popa-airean edo popa-aldian), arraunketa bizi-bizian irten ziren mutilak, lanaren sarrian baino kezkaren larrian itoago. Fedeko gizonak izaki noski, arraunei indarka eraginez eta otoitz isilak eginez, atzera iritsi ziren halakoren batean Kaitanoren parera, zorionean. Baita uretatik kroka batez onik atera ere gizajoa, ordurako kordea galdua baitzen, ia itorik.

Hala kontatzen didate, egia omen da: Arraka bere bizi guzian damutu izan omen zela egindako azioaz. Kaitanok, berriz, ikusi zuenean, besarkatu egin omen zuen bere patroia esker onez, haren bila inor ere itzuliko ez zelakoan:

—Atzera bueltatu? –esaten omen zuen–. Nik eniken ingo…!

Bizargorri, 2020-10-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2020
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031