Badakit ondo, ondotxo jakin ere, nonahitik datorren, nonahi dabilen edota nor-nahik darabilen euskerak kritikak jasoko dituela batetik zein bestetik. Badut eskarmentu ederra. Batzuetan, putz-harro ulergaitz kaka-loratua irizten delako; eta, besteetan, trakets oker eskasa omen delako. Lehenbizi, dakigunetik, garbitasun erabatekoa ipini zen lege eredu (garbizaleak); hurrena, euskara batuaren “h” zorionekoarekin (eta abarrarekin) euskaldunok berriro bitan banatu ginen; eta orain, momentuz, gure ume eta gazteen euskara maila eskasa dabil notizia egunotan, koronabirusa aitzakia hartuta. (Umeak ikastolara ezin joanik luzaro egon omen direlako; euskera han bakarrik bizi balitz bezala).
Analisia serio sakonak beste jende aditu handitu frankori utzita, gaur ere umore punttuarekin nahi nuke gure solasaldi hau eraman. Eta ekarri, aita-seme bi, telebistetan aspalditxoan txit famatuak dabiltzanak nahi nituzke nire kontuotara ekarri. Izenik eman beharrik ez da. Agudo ezagutuko dituzue… Batek urteak daramatza sukalde proposamenak gaztelaniaz egiten; aitak. Bestea, semea, euskal herrietara bisitak egiten aritu izan da erderaz, eta, orain denbora asko ez dela, horra non hasi zaigun “sukalerrian” euskeraz…
Bueno, bada. Bai aita eta bai semea, biak ala biak sukaldeko kontuetan ari direla, gehiegizko zaleak dira hitzak -ita edota -ito txikigarriarekin ematen. Batez ere aita, gaztelaniaz. Semea antzeko-parezido hasi zen euskeraz ere, baina badirudi, norbaitek abisua emanda, txikigarritxo hori konpondu duela pixkat. Boligrafoa eta papera hartuta egon naiz bizpahiru egunetan apunteak hartzen, aita-semei beren programan begira. Aitarenak akaberarik ez dute; kabitzen ez zaizkit hemen, inola arraio: “cortecitas, cremita, vinito, morcillita, pimientito, corchito, caldito, cebollita, ajito, basurita, sopita, pescadito, corderito asadito”, eta hamaikatxo halako astero-astero, hitzetik hortzera, ikus-entzulearen belarriak -itaz eta- itoz itoz. Lapiko zabal astun bati ere “cazuelita” esaten dio.
Semeari eskertu behar dizkiogu euskaraz ere programak egiten hasi izana, hika gainera (bejondeiala!), ze aurreko urteetan euskaldun peto-petoekin kastellanoz aritu izan baita, tamalez, programak betetzen. Aitaren edo etxeko eraginez, noski, honek joera izan du orain artean -ita edota-ito hitz akabera horiek erabiltzen, baina badirudi zuzendu duela okerra, eta azkenaldian txukunago dabilela; hala iruditu zait. Harenak dira jasota dauzkadanok: “tapita, trufita, grumito, tipulita, kutxilito, kutxarita, pintxito, zentralita, potolito, palmerita, lazito, konito txiki bat…”. Gehiegi, nooo…!?
Ez dira, ordea, aurkezle eta konbidatuen artean euskarazko sukalde (eta bestelako) saioetan entzuten diren disparate edo oker negargarri/barregarri xamarrak. Lapiko edo eltzeari “putxeroa” behin eta berriro deitzea ez da askoz hobea, adibidez. Edo behin eta berriz “gatza pixkat” esan eta esan aritzea; edota “y ya está, se acabó”. “Gatz pixkat” esaten da, “a” gabe; eta “ya está” esateko, zer gure “eta kito!” baino esamolde hoberik. (Beste baterako utziko dut ETB-1eko beste bi gizasemeren euskera itsusi markakoa: “abellanak, llamamentua, ojo-ojo-ojo!, ojo al Kristo!” eta abar zabar zatarra. “Saio handi, euskara txiki”).
Eta errosario honi nolabait graziazko amaiera emate aldera, txikigarria euskeraz zein da jatorrena: -ito ala -txo? Ez omen dago argi, garbizaleentzat. Izan ere, sagardotegira goazenean, nola esan behar dugu: “Txotx-txo!” ala “Txotx-ito!”?. Eta goxo-dendan eskatzean: “bizkotxito” ala “bizkotxotxo…?”.
Bizargorri, 2020-10-28