HITZAK EDERRAK... | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HITZAK EDERRAK…

Ezin zaio guziri hitzaurrerik jarri,

hartara bailezake jendeak igarri

hondarrean zer duen ipuinak ezarri…

Arraroenik ere gertatzen da sarri.

 

Hemendik urruti xamar gertatu bide zen hau, baina gerta zitekeen noski hemendik oso aparte gabeko hiri, herrixka edo landa eremu batean ere. Gezurra badirudi ere. Arratsalde batez, bazihoan politiko aberats okitu fama izugarriko bat bere Rolls-Royce Phantom-ean eta, errepide bazterrean, gizaseme bi lurrean exerita ikusi zituen belarra jaten: belar xortak moztu eta mauka-mauka jaten… Harriturik, gera zedila agindu zion txoferrari; eta, behin autoa geldi, jaitsi eta ea han zer gertatzen ote zen jakite aldera, hala galdetu zion gizonezkotako bati:

—Belarra jaten ari zarete…!? Zer dela eta…? Ze nezesidade…?

—Dirurik ezean –erantzunik izango zion bitako batek–, ezer erosi ezin eta beharko zerbait jan. Belarra…? Ba, belarra. Hemen ez dago besterik…

—Bueno, hori hala bada –politiko tente dotoreak–, nahi baduzue, zatozte nire etxera eta neuk emango dizuet jaten. Zer iruditzen zaizue…?

—Estimatuta dago –lehengo gizonak berak–; milesker, benetan… Baina, nirekin badauzkat andrea eta bi ume koxkor ere. Hantxe daude, erreka izkinan.

—Datozela. Datozela haiek ere, gizona!

Eta beste gizaseme isilik eta umilik zegoenarengana jiraturik:

—Zatoz zu ere –esan zion politikoak–. Hobeto zaituet nik gobernatuko…

Buru makur zegoen gizajoa; aldarte tristean. Ahots errukarriz:

—Hau da abelerea, hau…! –atera zitzaion barren-barrenetik–. Beharrak muturre beltza, gizona… Joateko, joateko… Neuk ere andrea eta beste sei neska-mutiko ere baditut eta! Joan, nora hainbeste jende…? Zer egitea…?

—Datozela, gizona! –hari ere politikariak–. Etor zaitezte guzti-guztiak, gurean bada-eta zuentzat adina jateko. Moldatuko gara, batekoz beste eginda…

Azken hitzokin batera, gizon apain dirudun haren borondate ona ulertu ezinik artean, banan-banan, luxuzko autoan sartu ziren denak, lau helduak estu elkarren ondoz ondoko, umeak magaletan piloan elkarren gainez gainezka.

Bidean zihoazela, sua hauspean ere bero, behartsu gizajo haietako batek, politikoari begira, bere esker ona eman zuen erakustera, honela:

—Jauna, oso ona zara zu! Eskerrik asko gu guziok eramateagatik.

Eta orduan politiko jaunak, autoko guzien ustekabean, erantzun zion:

—Kia, kia! Ez da hainbesteraino ere, gizona. Oso-oso gustura ari naiz  eta! Badakit seguru gure etxea ahogozatuko duzuela, ahogozatuko duzuenez! Belarra bada han metro eta erdi gora, zera…! Zuek jan eta niri zelaia garbitu. Janak lana baitu, beti ere nire mesedetan.

 

Besteren minek ez omen du negarrik. Gaiztoak on-onak omen dira, jaun-andere ahaldunen gerizan… Nire gaurko ipuin honetan ere mesede motza egin dio, mesede motza egin dionez, jauntxo politikoak jende behartsuari, goseak akabatzen zegoenari. Hurrengo hauteskundeen ondoren edota presupuestoak eta abarrak onartu aldiro, politikoen hitz jariotik laguntza onik espero baduzu, zaude horretan! Hitzak ederrak, bihotza faltso, sekula etzaie faltako… Gehienei.

Bizargorri, 2020-11-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2020
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30