BAT. Gizakion bizitzak atzekoz aurrera beharko luke izan, akaberatik hasita. Aurren-aurreneko gauza, hil: horixe egin beharko genuke lehendabizi; hartara, trauma latz hori gainditua geneukake. Ondoren, erresidentzia batean esnatzen zara, egunetik egunera hobera hobera eginez. Gerora, erresidentziatik kanporatu egiten zaituzte, dagoeneko ondo zaudelako, eta lehen-lehendabiziko gauza egingo duzuna pentsioa kobratzea izango da.
Hurrena gero, zure laneko aurreneko egunean urrezko erloju dotore bat erregalatzen dizute… Berrogei urtez lan egiten duzu; noiz arte?, eta aski gazte zaren arte; zertarako?, eta lan-erretiroa gozatzeko gauza dagoeneko.
Eta orduan jada, festarik festa zabiltza, zurrutean eta larru jotzen. Gero, ikastolara hasten zara, lagunekin jolasean, deusen betebeharrik gabe; harik eta haurtxo egiten zaren arte; eta azken bederatzi hilabeteak lasai ederrean eztitan pasatzen dituzu, berokuntza zentralarekin, room service eta guzti, etab., etab… Eta azken-azkenean zer?, eta mundu hau uzten duzu orgasmo batean. (Quino).
—Egun on.
—Zer egiten duzu hor geldi, egiten duen hotzarekin? Izoztuko zara…
—Nire semearen zain nago –esan zuen atsoak, erlojuari begira–. Ez da denbora asko dendara joan dela. Luze-irizten hasia naiz, bai, neu ere oraintxe…
—Zaude lasai, emakumea, laster etorriko zaitu-eta; seguru. Bitartean, axolarik ez badizu, behintzat, lagun egitea nahi duzu…?
—Eskerrik asko; ez ezazu lanik horretan hartu. Izango dituzu noski zuk egiteko hobeak, atso zahar bati lagun egitea baino. Neska gazte zoritsuren bat zain izango duzu…
—Hau ez da lana; benetan esaten dizut. Horrako banku horretan exeriko gara eta zain geratuko gatzaizkio, konforme…?
Eta Xabier, goizero bezala, bere amatxo xaharraren ondoan exeriko zen: amatxo bere semearen zain, semea sekula baino ere hurbilago zeukalarik… (Alzheimer-aren Nazioarteko Egunerako, autore ezezagun batek idatzia).
HIRU. Adibide on-on bat, nonbait. 99 urteko emakume batek areriorik ez! Guziok beharko genuke andre on halakoxearengik bizitzen ikasi. Ikusi…
Iganderoko meza nagusiaren akabera aldera, apaizak galdera eliztarrei:
—Zuetako zenbatek eman die barkamena bakoitzak bere arerioei…!?
Ehuneko laurogeik altxa zuen eskua. Apaizak berehala berriro galdera berbera suharrago egitean, denek jaso zuten besoa. Atso koxkor batek izan ezik.
—Andrea… Arerioei barkamena emateko ez al zaude zu prest? –apaizak.
—Nik ez daukat areriorik –erantzun zion adineko andreak eztiro.
—Andrea…, oso arraroa da hori. Oso! Zenbat urte dituzu…?
—Laurogeita hemeretzi, apaiz jauna. Eta areriorik alerik ere ez dut.
Eliztar guztiak zutik jarri eta txaloka hasi ziren, barruak samurtuta.
—Aldare aurrera etorrita, esango al zeniguke, mesedez, nola demontre ailegatzen ahal den laurogeita hemeretzi urte betetzera areriorik batere gabe!?
Atso eztia aldare aurreraino tirriki-tarraka etorri eta eliztarrei esan zien:
—Dagoeneko den-denak hilda daudelako, putakumeak halakoak!
Bizargorri, 2020-12-16