>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SAGUA ETA KATUA

Aspaldi batean sagua eta katua ibili omen ziren bezalatsu gabiltza aurten geu ere, ditxosozko 2020an; alegia, akerraren adarraren adarrak baino okerrago. Primeran datorkit ipuin xahar polit hau, nire salbagarri eta zure entretenigarri. Izan ere, titular ponpoxoz eta datu-saldaz josiak daude komunikabideak: txertoa, pandemia, xomorro, positibo, %6, PCR, itxialdiak, Eguberriak, mugak, multzoak, musukoa, mutazioa eta sursum corda… Kokoteraino eginak gaude. Eta hamaika ikusteko gauden arren oraindik, dena esana dago jadanik. Apenas inork esan dezakeen ezer ere berririk. Neuk ez, behintzat. Beraz, zatoz nirekin ihesi egungo Kantauriko itsas bazterretik aspaldiko Kongoko erreka zabal batera. Goazen…

Antzina-antzina, akordua ere iritsi ezin den denboretan, sagua eta katua harmonia onean bizi ziren, eta ez gaur ezagutzen ditugun bezala, armonian, gatazkan, sesioan… Bidaiatu ere elkarrekin egiten zuten, noranahi zihoazela.

Bidaia horietako batean, egundoko ibai zabal batera ailegatu ziren, eta nola-hala gurutzatu beharra zegoen hura, aurrera segituenean. Nola demontre gurutzatuko?, eta saguari ñame bat zuztarretik ateratzea otu zitzaion. (Ñamea Kongoko landare bat da, bizpahiru metro luzekoa, azal barrua oso-oso biguna duena; pentsa: jan ere egin omen daiteke). Ñame landare bat zuztarretik atera, atera zuten, baina, ñame hark jabea izaki, azal barruko mamia husten hasi ziren unean bertan, non agertzen zaien gizaseme nekazari segail bat sastakai beldurgarria eskutan zuela…

Beharko handik alde egin; zer erremedio! Katua aise igo zen arbola batean gora; baina saguak komeriak ikusi zituen, komeriak kuanto! Korri batera, salto bestera, estu eta larri ibili zen, nekazariak atzetik sastakai kolpeka segitzen ziola. Libratu zen, horratik, eta gaitzerdi. Geroago, katua eta sagua biak hala biak onik eta osorik elkartu zirenean, saguak katuaren erru egin zuen bera halako estualdian ibili behar izana. Katuak, berriz, erantzun zion berak natural, oldez eta senez, jokatu zuela; eta, edozein moduz ere, gainera, lur zoruan geratu izan balitz ere, ea nola demonio lagundu behar zion gizaseme haserre haren aurrean… Ameto eman zuen katuak, eta kito.

Bazter ezkutuago batetik bigarren ñame bat atera zuten gero, aurrenekoa baino ere handiagoa. Saguak, karraska-marraska, berehala hustu zizkion barruko mami bigunak eta horra txalupa txikia prest. Ontzi berrira sartu biak eta uretan jarri ziren ibaiaz beste aldeko bandan. Boga eta boga, joan eta joan, eta halere bazirudien ibai haren zabalak akaberarik ez zuela. Beste aldeko lurrik ez zen ikusi ere egiten. Joan bazihoazen animalia biak bateltxo sastarrean, baina ez ziren inora ailegatzen. Janik ez zuten batere hartu eta dagoeneko tripa zorriak egiten hasiak zitzaizkien. Saguak lo egitea proposatu zuen, loak gosea hiltzen omen duela eta. Biak etzan ziren lotara.

Denbora asko baino lehen, ordea, saguak, egonean egon ezinda, jaiki eta txalupa kroskoa hozkatzeari ekin zion kirrisk eta karrask. Zaratotsak noski katua esnarazi, eta:

̶  Zer gertatzen da? -galdetu zuen-. Nondik heldu da karraska hots hori?

Gezurra esan zion saguak:

̶  Ez dakit ba… Ni lotan nintzen. Nire zurrunga hotsak izango ziren seguruenera…

Eta aurrera eta aurrera jarraitu zuten arraunean plisti-plasta. Katua goseak akabatzen zegoen; saguak, berriz, albait isilen, gauero-gauero jaten zuen ontzi-kroskoaren egur azala.

Bat-batean, goiz batean, eguna argitu baino lehentxeago, artean ere beste aldeko ibai bazterraren bila zihoazela, txalupa-hondoa zulatu eta ura parrastadan sartu zitzaien barrenera. Berehala konturatu zen katua saguak gezurra esan eta saldukeria bilaua egin ziola. Kristonak eta bi esan zizkion. Gero, bi atzaparrez heldu eta hantxe bertan zirtzildu eta jan zuen, mazka-mazka.

Pentsatzekoa da animalia biak hil zirela: sagua jana eta katua ibaiak eramana. Nondik eta nola dakigu, hortaz, akordua ere iritsi ezin den denbora zahar haietako historia hau? Nondik…!? Agidanez, ibai zabal hartako arraiek beste katu eta beste sagu batzuei kontatu zien han orduan gertatua, baina oso bertsio diferenteak emanez, zeinek zeini kontatzen zion. Dena dela, gauza begien bistakoa da, harrezkero, Kongoko ibai zabal haren zeharkaldiaz geroztik, saguek eta katuek ezin eraman dutela elkar onez onean, eta armonian dabiltzala. Esan nahi baitu, matraka gogorrean eta infernu gorrian eta gerra bizian bizi direla beti, akerraren adarraren adarrak baino okerrago, sagua eta katua.

 

Jesus Mari Mendizabal Iraola

«Bizargorri», 2020-12-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2020
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031