Bi mila eta hogeiko, urte gaizto petral honetako, azken asteazkena dugu gaur. Ilargi betearekin. Bizitza aldatu digun urtea, ahaztezina, dudarik gabe. Penak eta saminak landu beharrik ez omen da izaten, berak ohi datozelako berez… Biziko garen bitarte guztian ez dugu ahaztuko “errosario santu” hau: pandemia, konfinamendua, deseskalatzea, normaltasun berria, 2. olatua; musukoak, kutsatuak, ospitaleak, erizainak, hunkituak, bakardadeak eta tristurak; mutu festak, akabo kirolak, kito tabernak, fini kultur-emanaldiak…
Hala eta guztiz ere, ordea, aldian-aldian hor agertu ohi zaigu ilargi betea bazterrak argitzera, gaur bezala; eta gaitzerdi, baldinbaitere! Eta bateratsu aurten, baita zorionean zorioneko txertoa ere; herenegun aurrekoan bertan, hain zuzen, hasiak baitira gure probintzian ziztada adinenekoei jartzen, zahar egoitzetara pozak ekartzen. Eta horrexek (guzti-guztiak ados ez badaude ere) arin-aldia sortu du jendearengan, arinaldia sortu duenez. ETBn erakutsi duten aurpegiko poxa ikusi besterik ez dago txertatu berriei… (Eta baten batek “arin-aldia” zer den ez badaki, gaztelaniako “subidón” esan nahi du; hala adierazten baita aspaldi Hondarribian: aiñaldia. esan nahi baitu bat-bateko poz kementsua eta atseginezko indarra. Ea euskararen graziak ikasten ditugun erabiltzen…).
Bestalde, berriz, gauza jakina da ilargi beteak ez digula betirako irauten, eta aurki dugu hemen gurekin, biharkoa pasata, urtarrila ere. Horrela esanda, “urtarrila”, badirudi ez dudala ezer adierazten; baina, lehen gure artean erabili izan zen moduan esango banu, “ilbeltza”, a, hartara bai! Hilabete beltza, baiki. Batetik, bistan da, eguraldi sekulako gordinagatik: hotz giro, haize zakar, elur zuri eta izotz beltz, txilborretik hoztuko zaizkigu agure-amandreak; eta ez haiek bakarrik… Bestetik, argi eta garbi omen dagoena: “txertoa ondo dago, baina ez gaude oraindik ondo”; beraz, erne eta kontuz eta kuidadutan ibili beharrean gaude luzaroan, auskalo noiz demontre arte; kontuz, kuanto, kontxo… Gainera, pisuzko arrazoi beste bat ere bada, Santomas eta Gabon-gau eta Gabon Zaharra eta abarra aitzakia, jan-edan-lo, txitxiak mamitu egin zaizkigula gerri bueltan: kiloak eta kaloriak gora… Beraz, ilbeltzak gosea latza eskatzen du; beste erara esanda: kirolak/kalorik palindromoak izaki, kirolak beharko kalorik galtzeko.
Nolanahi ere den, ilbete nahiz ilbehera, arinaldi gozo nahiz petral-aldi gaizto, hemen gehien irauten dutenak ez dira gogorrenak, elkarri laguntza eta bihotzondoa eskaintzen diotenak baizik… Eta oraintxe hara zer dudan entzuten Euskadi Irratian, Serenata Huatesca, José Alfredo Jiménezen ahotsean: «¿Qué voy a hacer, si de veras te quiero? Ya te adoré y olvidarte no puedo…».
Ondoren zer entzungo? eta hara kanta kutuna, Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren ahots atseginetan: «Adio, izar ederra, adio, izarra! Zu zare aingerua munduan bakarra. Aingeruekin, aingeruekin zaitut konparatzen… Zenbat maite zaitudan ez duzu pentsatzen…!».
Ahaztezina. Kantok dakarkiguten arinaldia…! Eta, ahaztu baino lehen, jada Urte Zahar bezpera baitugu, gorde xamar mutu antxean eramaten dudana nahi diot Mertxeri aitortu, urtean behin bederen (azken 44 urteotan egin izan dudan gisan), musu emanez ilargi betean…
Urte Berri On, irakurle!
Bizargorri 2020-12-30