EUSKAL (?) TELEBISTA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EUSKAL (?) TELEBISTA

Atertu gabe ari zaigu euria asterik aste, zuztarrak usteltzeraino kasik; eta atertu ezineko kontua da naziorik gabeko herrien atarramendu motzarena ere. Irlanda Eire bera ote den ingelesez, Corse Korsika egiazkoa ote den frantsesez, Cataluña Katalunia zin-zinez ote den espainolez… Eta abarren adarren luuuzea; geure kasua barne, jakina. Bestalde, berriz, hautsak harrotu beharko zituzketen Juan Luis Zabalaren “Ekografiak” BERRIAn ETB batari eta besteari buruz (“El Conquis”programako trapuari buruz, kasu: “ikurrin hori ez da nirea”). Baina, keba! Euriak euri, urak hemen bere betiko bidean doaz: ETB-2 hamalau da eta ETB-1 kaka bezain merke. Ez diot programen kalitatez, ez!; ikus-entzulegoen kopuruez eta SOStenguen borondatez, baizik. Hamalautik baterako aldea dago.

Euskara euskaldunon ondarea da, baiki; baina ez vasco oroena. Oro ez da urre. Euskara izanik Jaun Goikoak hitz egin omen zuen lehendabiziko hizkuntza (J.Ant. Urbeltz), “deabruak ezin izan zuen euskaraz hitz egiten ikasi” (Koldo Izagirre). Erdera, hala frantsesa nola gaztelania, legeak dakar; euskara ez da ahanztera uztekoa, baina ez du legearen beharrik, ez ekonomiaren.

Aurki beteko bide dira 35 bat urte Euskal Telebistak erderaz (ere) ekin zionetik. Nik orduan honako bertsook jarri nituen: «EUSKAL TELEBISTA ERDERAZ!?». Tragikoegi, agian; haserreegi eta uherregi… 1985eko azaroa zen, eta nago nire baitan kezkatan, harrezkero gure urak arreagotu ez ote diren…

 

  1. Gaur Euskal Telebistak / badu notizia:

bete nahi lukeela / erdal kutizia.

Zerbitzu hortan jartzen / bada milizia,

seinalea zainetan / dela minbizia.

  1. Horrelakorik ezin / daiteke egin, txo;

erderaz baino hobe da / euskaran arintxo.

Lehen hamar entzule /bagiñaden zintzo,

ezetz sei ere!, erderaz / bazarete mintzo.

  1. Europan, Espainian / berezko kultura

aspalditxo heldu zen / legezko puntura;

hamaika kanal dute / beraien kontura,

erdera aski badela / nola ez kontura!?

  1. Hizkuntza azkenaldian /genedukan gaixo,

Telebista genuen / sendagile, maixo.

Berriz hasten bagara / agur eta kaixo,

popatik hartzera, ala!, /zazpi mila arraixo!

  1. Bihitegian on da / baba eta arrotza,

sartzen ez den bitarte / alean har hotza.

Aunitz egin dela-ta / garaion harrotza!

Euskaraz ez doana / guretzat arrotza.

  1. Erderaz hasten bada / Telebista bortitz,

has gintezke musuak / zuritan igortziz;

lehen zazpi ginenok / orain hobe zortziz,

zerbait garelakoan / hilotzak ehortziz.

 

Bizargorri, 2021-02-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2021
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728