Behin adin batera ezkero, gauza jakina da sasoiak ihes egiten digula. Ez dago dudarik horretan, xahar-ajeak bistakoak dira-eta beti. «Etxe zaharrak, itogin». Ukaezina da, ordea, beste atsotitz honek dioena ere: «Zaharretara guziok iritsi nahi, baina zahartu inork ez». Lehenago gure aurreko atso-agureak pasatako eta jasandako gorabeherak guri dagozkigu orain, erremediorik gabe; guri, dagoeneko lepoa urtez zamaturik daramagunoi. Alde ederra baitago hogei urte mazal izatetik hirurogeitaka urte makal izatera.
Hala ete ere, ordea, xaharrak ez ditu bere kopetako ximurrak askotan ikusten, eta batek uste du, ibiliaren ibilian, beti-batekoak datozela gau-egunak, ilargiaren aldiak nola: gaur estu-mehe, bihar berriro argi-zabal. Batek uste du askotan, gainera, besteak ari direla zahartzen, baina norbera ez hainbeste ere. Geure begiez ikusten dugu egiaz gure inguruko jendea, baina etxeko ispiluak ez digu, nonbait, orrazteko bestetarako balio… Ez al zaizu zuri egundo gertatu, auzoko hau edota hura ikusi eta kolkorako esatea: «Majo zahartu dek hori…!».
Azken boladan, neuk nahi baino luzeagoan, dentistarenean nabil… Zer demontre esan behar dizut zuk zeuk ere ez dakizunik…? Bada, horixe bera, horretantxe, ziri eta zizta, zula eta min. Nor?, eta ni, hortzak eta haginak, ustez, Aiako Harria baino gogorragoak neramatzanak… Atzo, egongelan zain nintzela, ikastolako garai bateko Nekane lankidea tokatu eta hauxe kontatu zidan. Asko gustatu zitzaidan historia; grazia egin zidan. Aditu zuk ere ondo:
«Denbora asko ez dela, hementxe dentistarenean zain lehendabiziko aldiz nintzela, bere diploma bistaratu nuen paretan zintzilik (hortxe, ikusten duzu?), bere izen-deitura eta guzti. Bat-batean, berrogei bat urte lehenago, Irungo Institutuan, neure gelakide izandako bat oroitu nuen, izen berekoa, galai dotore segaila, ile beltz-beltzekoa. Eta aztoratu nintzen, huraxe ote zen ni isil-gordean maitemindurik eduki ninduen mutil guapoa, neure baitarako eginez.
»Nire sartzeko txanda iritsi eta kontsultan dentista jauna ikusi nuenean, erabat baztertu nuen burutik bat-bateko uste edo burubide halakoa. Gizaseme burusoila baitzen, belarri atzeko ile hondarretan urdin-zuria, ilargi betearekin buru gainean; aurpegi zimurrez josia, gainera; eztula bera baino zaharragoa zirudiena. Inondik inora posible ez zen hura nire gelakide izatea gaztetan inoiz.
»Hortz-haginak aztertu zizkidan banan-bana, poliki-poliki; ohartxo batzuk apuntatu ere bai bere ordenagailuan; eta, lehen garbitu eta ukituen ondoren, hizketan hasi ginen orduko, nik neure aldetik ere zertxobait bederen adierazi nahi, bada, eta lasai ederrean luzatu nion galdera:
—Zuk ez zenuen ba, kasualidadez, Irungo Institutuan estudiatuko lehen, ala…!?
—Bai, bai –erantzun zidan irribera kontent–. Zergatik diozu ba hori…?
—Eta zein urtetan lortu zenuen titulua?
—Mila bederatzirehun eta laurogeian.
—Zu nire klasean egon zinen, hortaz. Horra!
»Begira-begira geratu zitzaidan une batez… Eta, ondoren, hara zer galdetu zidan aitona burusoil, musu-zimur, gizon gizen zatar, xahar okitu madarikatu ez bestelako hark:
—Zuk… zer eskola ematen zenidan, ba? Zein zen zure asignatura…?».
Bizargorri, 2020-02-17