AFARIAK ETA MEMORIA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AFARIAK ETA MEMORIA

Aspaldi gazte izanok, zilartutako ile eta bizarrekin gabiltzanok, mira irizten diegu gure garai bateko afariei. Hamaikatxo egindakoak gara. Ostiralero bagenuen bat lagunartean, batean ez bazen bestean. Eta ondorengo kontuak eta kantuak eta mus-aldiak… Akabatu zen ohitura zoragarri hura, akabatu zenez… Zahartzea deabruak hartzea omen da; ez beti-beti bete-betean; bai, ordea, parte haundi batean. Afari haiek, gehienak behintzat, ahaztuta dauzkagu dagoeneko, denbora joanean memoriak huts eta putz egiten digu-eta.

Azken hamabi hilabeteotan (tabernak itxita, norbere herrian kieto, lau lagun baino gehiago elkartu ezin, kutsatzeko izua…), etxean itxian eduki gaitu birusak. Bestalde, gainera, adinduok jadanik ez dugu afaririk apenas egiten; egitekotan, bazkaritxoren bat, akaso. Atzo bertan, aspaldiko lagun nafar batekin nintzen kontu kontari eta hau kontatu zidan, Erriberako herri batean gertatua.

Aita zenak kontatzen omen zion berari. Berrogei bat urte zituztela, albo herrietako sei lagun, soldadutza elkarrekin egindakoak nonbait, elkartu ta afari eder bat egitea pentsatu omen zuten. Non afaldu, ordea…? Eta, hitz eta pitz, azkenean behintzat Corellan bertako Kasinora joatea erabaki; han omen zebiltzan-eta, airoso asko, neska zerbitzari katxarroenak, jatorrenak. Baita afari eder askoa egin ere, kinto-kontu eta kanta…

Handik hamar urtera doi-doi, aurreagoko lagun berberak bildu omen ziren berriro, berriz ere beste afari bat gozatzeko asmoz. Berrogeita hamarna urteko sei gizasemeek eztabaidatu egin zuten, agidanez, nora joan; eta Kasinoa aukeratu orduan ere, hantxe omen zutelako menurik onena eta, zer esanik ez!, ardo aukerarik gustukoena. Bapo afaldurik izan behar zuten orduan ere…

Hamar urte geroago, sei lagunak hirurogeina urteko aitonak eginak, berrizkoan ere bildu eta ea non afaldu behar ote zuten, bada; eta azkenean ikusi dute onen-onena bertako Kasinora joatea izango zutela noski, hura baino toki lasaiagorik ez omen zelako inguruan inon, musika-zarata, gazte-eskandalo eta ume-builarik gabekoa izaki; gainera, dedio!, ez erretzaileentzako jangela aparte ipinia zeukatelako. Hantxe jan-edanik izango zuten ase arte, mahai eta zahagi gizenetik. Jakina baita: tripak eta suak, zenbat eman hainbeste eraman…

Hamar urte geroago berriz ere elkartu dira soldadutzako sei lagun nafarrak, hirurogei ta hamarna urtekoak ordurako, beinke; eta urtero bezala atera zaie tirabiratxoa ea nora arraio joan ospakizun-afari zorionekoa egitera; eta, urtero bezala, deliberatu dira betiko toki ezagunera joatea, Kasinora alegia, zergatik?, eta jatetxeak elbarrientzako sarrera berria jarria omen zeukalako, zera!; baita, norbaitek nahi izanenean, igogailua ere. Bapo, bai; garaiz etxera…

Pasa ziren beste hamar urte ere, eta laurogeina urteko aitona xaharrak bildu omen ziren berriro, ea urte hartan afaria non demontre egin behar ote zuten deliberatzera, betiko moduan. Eta, betiko moduan, Kasinoa hautatu omen zuten aho batez denek afari-tokitzat. Seiek azpimarratuz eta miretsiz ideiaren bidezkoa; hain xuxen ere, hain eskura izaki-eta, hainbeste urtetan behin ere joan ez omen zirelako bertara afaltzera…

(Honaino nire lagun nafarraren kontua; honaino sei agure xahar horien memoriaren hutsa eta putza… Eta, orain, lana burutu ordukoxe, hau nire buru zaharra!, ikusi dut istorio hauxe lehen ere hementxe neuk kontatua neukala!!).

Bizargorri, 2021-03-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2021
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031