ESTATISTIKA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ESTATISTIKA

Azken estatistikek diotenez, gaur egungo biztanleria gure munduan zazpi mila zazpiehun eta hirurogeita hamazazpi milioi lagunena omen da, gutxi gorabehera. Hau aipatu orduko, gehienoi burutik pasatzen zaigun inpresio edo irudipen edota zirrara bakarra honako hauxe besterik ez da: ño…, hau jendetza! Ordea, lurbira guztiko 7.777 milioi pertsona horiek 100eko bakarrean laburbilduko bagenitu eta, ondoren gero, ehunekoetako zenbait estatistiketan partituko, letorkeen analisia erraza litzateke konprenitzen. Hara:

Ehun biztanleetatik 60 Asian bizi dira, 15 Afrikan, 11 Europan, 9 Hego Amerikan eta 5 Ipar Amerikan. Ehundik 48 landa-eremuan bizi dira, 52 hirian.

Niri iritsi zaidan azken estatistikaren arabera (handia baita gorabehera; gezurrak ere nonbait bizi behar baitu, beinke), ehuneko 12ak txinera darabil bere ohiko hizkuntza egunerokoan; ehuneko 5ak ingelesa; 5ak gaztelania ere; ehuneko 3ak arabiera, hindia, bengalera eta portugesa; ehuneko 2ak errusiera, japoniera eta alemana; ehuneko 60 batek, (gutxi-asko, beti ere), bakoitzak bere ama-hizkuntza ohi darabil. Zuk eta nik, euskara.

Ehuneko 76ak bakoitzak bere etxea du (utzia, erosia, errentan hartua, okupatua…); ehuneko 24ak etxerik batere ez du. Ehundik 63 bat biztanlek behar beste jan-edan egin dezake egunerokoan; ehuneko 21a gehiegi elikatu ohi da eta ehuneko 15ak desnutrizioa du… Bizitzaren kostuari begira jarrita, berriz, ehuneko 50arentzat (guzti-guztien erdientzat) eguneko 2 euroren azpikoa da. Ehuneko 87ak badu ur-korronte garbia; baina, ehuneko 13ak ez, eta ur-emari kutsadura jo beste erremediorik ez du, urik erabili nahi izanenean.

Ehuneko 74ak telefono mugikorra badu; ehuneko 26ak, ez. (Sinesteak lan ematen badigu ere, munduko biztanleriaren laurdenak ez du telefono deirik behin ere egin sakelakotik; nahiz eta, diotenez behintzat, 22 mila milioi telefono fabrikatu izan diren; biztanle garen guztiok baino hiru aldiz gehiago). Bestalde, ehuneko 30ak baizik ez du Internet eskura; ehuneko 70a ezin konekta daiteke bere egunerokoan.

Ehuneko 83ak badaki irakurtzen eta 17a analfabetoa da. Unibertsitatera ehuneko 7a soilik iritsi ahal izan da; 93a, ez… Ehuneko 33a kristaua da, 22a musulmana, 14a hindua, 7a budista, 13a bestelako erlijioren baten fededun; ehuneko 11ak, berriz, ez du inolako sinesmen erlijiosorik.

Ehuneko 26a hamalau urte baino gutxiago bizi ohi da; ehuneko 66a hamabost eta hirurogeita lau urteren bitartean hilko da; ehuneko 8ak soilik dauka hirurogeita lau urte baino gehiago.

Beraz, bada, eta kontuak ateraz, baldin zu zeure etxean mahai gizenetik ari bazara egunero jaten eta ur garbia edaten; baldin sega-poto edo mugikor baten jabe bazara eta Interneteko sareetan barrena bazabiltza; baldin eskolara eta unibertsitatera joateko aukera izan baduzu…, mundu guztiko bizilagunen ehuneko 5eko hautatu eta abantailatu bakan-bakanen kategorian zaude. Alegia, gari piloan hazitako txorie zarela. Esan nahi baita, hala izanenean kontuak, biztanleriaren piramidean ehuneko 95a zure “atzetik” egongo litzatekeela. Eta hirurogeita lau urtetik gora badituzu, ehuneko 92a zure aurretik joan dela…

Zer zabiltza, hortaz, aiene eta kexa, zotin eta muxin, ernegu eta tristura!? Zaude pozetan betargi, bizitza bizitzen, esker-mesede asko eta handiak ematen.

Bizargorri, 2021-03-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2021
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031