ARGAZKIETATIK ASPALDIKOETARA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ARGAZKIETATIK ASPALDIKOETARA

Ilargi bete-betearekin, igandean Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok “Hitzetik hortzera” programan argazkietatik bertsoetara dagoen bidea egin zuten bezala, guk hiru laguntzar ormaiztiarrok (Joxe Mujika, Gurutze Irizar eta Jexux Tellerikoak), argazkietatik aspaldikoetara egin genuen salto gaur zortzi, miresmen betezko aurpegiarekin, Angel Elorza lagunak martxoaren 17tik maiatzaren 9ra bitartean prestatutako Ormaiztegiko etxe zaharren (berrituen) erakusketarekin. Erakusketa zubi zahar-berrien azpiko eskola izandakoan dago. Ikustekoa. Ikustekoa, noski!, bere ttikian haundi, bere xumean galant gertatzen zaigulako ormaiztegiarroi. Gure etxe-baserriak ageri dira han; aspaldian nokakoak ziren eta orain nola dauden, elkarren ondoan fotoak.

“Non nire txokoa, han nire goxoa” esan ohi dugu gure Goierrin; baita “nork bere etxe pobrea, erregena baino ere hobea”. Eta nola etxe-argazki guztiak (antzinakoak eta gaur egungoak) diren joan den 120 urteetakoak, eta nola gu erdi-erdian hortxe harrapatu gintuzten ume koxkor edota gazte bixkor, eta nola ume-gaztetako irudiak buruan betiko gordetzen zaizkigun…, fotografia antzinako haiek banan-banan ikusi ahala, oroitzapen zaharrak burura ekarri ahala, aho-zulora milaka kontu sortzen zitzaizkigun bisitarioi, hitzetik hortzera.

Angel Elorzak bildu eta antolatutako argazki zahar-berri ikusgarrietan, beste gutxi batzuekin, etxe edota etxe-lekuok ageri dira erakusketan: Maixune, Iriarte-Erdikoa, Fausto Taberna, Ezkurdiane, Izuzkitza (eliza-aurreko plaza), Elizondo, Sarriegi, Zamora Berri (lastimarik erre zen gure aitona zenaren Zamora zaharra!), Pitxarrardo, Ermita, Pione, Tellerizar edo Karterone (lastima da gure jaiotetxe Telleri Berri ez agertzea…). Lastima ere den bezala, lastima kuanto!,  beste hamaikatxo ezin ikusia ere: Igara, Arandi, Iraegi, Uharkalde, Aitzalde, Mendizabal, Arraitegi, Ojarbi, Sagastiberri, Beorreta, Zelata, Lezeta…

Ermitta, gure Joxeluis Garinen etxea; Karterone, gu batzuon umetako eskola gelabakarraren aurrez aurrekoa; Pitxarrardo, eskailuak eta ehizak jateko toki aproposa; Zamora edo gure aitona zenaren auzo, alkilerista, panaderie, txispas…; Sarriegi, parrokia aurreko etxe bakar eta xahar; Elizondo edo Eliztondo, Eulogia eta Campostarrak; Izuzkitza, kuriketan eta poteule jolasean gordeleku, baten batek belar-metari su eman zionekoa; elizatzea, mataderie,, …; Ezkurdiane eta Maixune, goxokiak erosteko edota enkarguak egiteko bi toki; Faustone, taberna, karta-joko leku, txirrindulari-notizia; arboladian, Anditik etorritako Osaba Tomas Zumalakarregiren etxea; kajadeorrosa, nesken eskola edota zinetokia, paxientxik, Don Gaspar, Don Jeronimo; kristau ikasbidea…

Behin adin bat ezkero, behintzat, aspaldiko argazkiak begien bistara ekarri orduko, oroitzapen gorde-ezkutuen ataka irekitzen da eta, nahi gabe ere, ustez zeharo ahaztuak berritzen dira; etxe zahar-zaharrak herri guztietan berri-berritzen ohi diren bezalatsu. Ormaiztegik, bere txikian eta bere zaharrean, badu noski zer erakutsia: horra erakusketa tren-zubi zaharraren azpiko eskolan.

Zuetako baten batek honezkero, zapuztuta, esan du bere kolkorako: “Kontuok ez dute niretzat balio!”. Ez arrazoi faltaz, akaso, gainera. Zeu bazara muturtu horietakoren bat, jakin ezazu, Ormaiztegiko etxe zahar horien guztien aurretik pasa izan direla (Joxe Mujika, Fatimetu eta Bizargorriz gain) bai Goia pintore handiaren senideak, patata-tortilla asmatu zuen Zumalakarregirenak, Otaño bertsolariarenak eta (hau badakit seguru) baita Raimundo Sarriegi maisu harenak ere! Erne, beraz…!! On egin, Ormaiztegin…!!!

Bizargorri, 2021-03-31

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2021
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031