ERLEAK ETA HILAK | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ERLEAK ETA HILAK

Alde batetik, negu garaitik udaberrira sartu garen honetan, esan beharra dago erlauntz edo erle-etxeetan erreginak, bertan ezti-goxo egonak, bixkortu direla neguko egonaren ostean eta laster ipiniko dituztela erlamandoak (erle ar alper iletsu gizenak) aztoraturik eta erle langileak (lore-nektarra biltzen duten eme antzuak) lanean, burrundaran. Hasi direlako naturan landareak loratzen. Beste alde batetik, berriz, azken egunotan jende asko hil da euskal herrietan; batzuk izen handikoak, prentsan atera direnak; askotxo isilean joanak, besteak beste, COVID malapartatua medio. Hamaikatxoren oroitza samina entzun diegu senide eta lagunei irratiz… Eta, ondo jakina denez, erle joanak eztirik ez.

Nire asteroko blogerako testu idatzia prestatu behar, eta bi ideia horiek josi zitzaizkidan buruan herenegun goizean, astelehenez, prentsa leitu ondoren. Ez nekien, ordea, nondik arraio heldu, nola demonio josi, zeren graziaz jantzi… Izan ere, nik ezer garbi baldin badaukat, bi gauzok behintzat bai: bata da, ezer idazten jarri aurretik, ideia eta haria eta norabidea garbi behar direla eduki; eta bestea da, jubilatu ondoren bederen, laneko asteak “euskal astea” behar duela izan, alegia, aste-lehen (lehen lan), aste-arte (tarteko lan) eta aste-azken (azken lan). Hiru egun idazlanerako; lau egun beste zernahirako. Eta kito.

Hartan, pentsamendu horiekin etxera bidean nentorrela (ideien orratza ziztaka buruan), hara non agurtzen nauen Patxi Albisu errenteriarrak eta esaten didan: «Aizak, Jexux; bart erleak izan ditiat ametsetan, moteil; baita hildako jendea ere… Eta gogoratu uste izan diat derrepente, gu ume ginela, etxe batean inor hiltzen zenean (etxeko jauna batik bat), beste inori ezer esan baino lehen, etxeko norbait erlauntzetara joan eta erleei esaten omen ziela “gurean ‘halako’ hil da”… Hik Goierrin sekula halakorik entzun al dek…?». «Ez –erantzun nion–. Ez diat halakoren oroipenik; gure herrian ez, behintzat, nik dakidala…». Eta: «Neuk asmatua ez al dek izango. Bila zak paperetan; ea ezer aurkitzen dean…».

Aste-lehena izaki, lanera behartuta nengoen. “Pasa nadin orratzetik harira”, egin nuen neure baitan. Patxirena bat zetorren gainera neuk prentsatik atera nuen ideia parearekin. Beraz, etxera orduko, bilatzeari ekin nion. Denbora asko baino lehen, hara Joseba Aurkenerena lankide eta lagun dudanaren testua parean tokatu eta topatu…!! Tori; zeuk ikusi.

«Gure arbaso zaharren ustetan, gorputza hiltzean, gogoa (arima) lotura guztietatik libratzen omen zen eta, etxeko erleek gidaturik, ortzadarreko bidea hartzen zuten ilargira joateko. Ilargitik, berriz, gure gogoa lurrera itzultzen zen eta, beste izaki baten barruan sarturik, beste bizitza bati ekiten zion. Eta horrela betidanik eta betirako. Arrisku bakarra ortzadarreko bidean ezkutaturik eta zelatan egoten ziren indar ezkorrak ziren. Hauek gure gogoak harrapatuz gero, bahiturik gelditzen ziren, gogo erratu gisa. Hori ez zedin gerta, etxeko erleen laguntza ezinbestekoa zen, ortzadarreko bidea ederki ezagutzen baitzuten. Erleak, bistan da, sakratuak ziren, eta berorika mintzatu behar zitzaien. Etxean inor hiltzen bazen, lehen berri erleei eman behar zitzaien, esanez: “Erle Andereak, Etxeko Jauna hil da!”».

Horra gure auzoko Patxiri bai dotore asko erantzun ere nire lankide izandako Josebak. Baita zuri irakatsi ere, seguru asko. Hau egin nuen nik astelehenean, bai txukundu ere asteartean, baita gaur publikatu ere… Beraz eta hortaz, “euskal astea” lege, nik jai dut datorren astelehena arte.

Bizargorri, 2021-04-14

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2021
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930