ETXEKO LANAK | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ETXEKO LANAK

Aurten, uda iristearekin batera, gure eskola-umeek oporrak hartu dituzten egun berean ekin diot nire aste honetako idazlanari: ekainaren 21ean. Goiburua ikusi eta hau irakurrita, badirudi haur eta gaztetxoen etxeko lanen gainean hitz egitera natorrela. Ez, bada. Etxeko lanak ez direlako ikasleen esklusiboak; etxea den tokian, etxeko lanak ere berez tokatzen direlako. Giza arrazako buruiritzi putzontzi frankok ikusi bai, baina aitortu nahi ez badu ere…

Eguna joan eta eguna etorri, aste eta hilabete eta urte luzeetan nork bere etxean, jan-da-lotik aparte, besterik apenas ezer egin ez duenak, etxean xahartu ahala, a ze nolako ustekabeak hartuko dituen denboraren eta errealitatearen poderioz. Kaleko batek ezer gutxi ikusten du portutik itsasora begira; arrantzale zahar batek, aldiz, ene zenbat gauza gehiago…! Halatsu etxean ere: batzuek ez dute/dugu ia ezer egitekorik ikusten egundo; bakarren batek, ordea, premia ugari bai, nahi gabe ere, eskarmentuz… Beti esan izan dena: etxea beti eske.

Neuri gertatua kontatzeko ez naiz lotsa. Jubilatu bitartean, beste askoren moduan, bapo bizi izan nintzen neure etxean: ohia beti egina, arropak beti bere tokian txukun, zoruak eta apalak eta kristalak garbi-garbi, janaria aldiro prest… Aberiatxoren bat bazela? Teknikoari deitu eta kito. Halaxe luzaroan. Jubilatu ondoren, sukaldean sartu nintzen eta gure etxekoen bazkariak nire kontu! Ordu asko ematen ditut erosketan eta prestaketan. Hala ete ere (etxe guztiko martxa egunero ikusiz eta emaztearen egitekoei erreparatuz), konturatu naiz, harri eta zur, sukaldean egiten dudana ez dela etxeko lan guztien laurdenera ere iristen.

Eta orain dator hori baino ere barregarriagoa, barregarriagoa datorrenez. Aspaldian senar-emazteok biok bakarrik bizi gara gure etxean. Urtero tokatzen da emaztearen opor irtenaldia nora edo hara astebeterako edo. Ni, “rodrigez”. Ohituta nengoela uste nuen. Hil honetan gure andrea, alaba eta bilobari bisitan, Londresera joan da… dozena bat egunerako! Etxea erori zait gainera; erori…!

Lagunek lehen egunetik, ziri eta barre, “ze ondo, e…?” esaten zidaten. Eta neuk ere barre egiten nuen beraiekin batean. Azkenerako, isilik egoteko ere jaurti nien haserre, hain nengoen gainditua “nire” etxeko arazoez: arropa zikin izerdituek egundoko pila egina zuten gela bazterrean; loreak, egunetik egunera, ximeltzenago ari ziren nabarmen; terraza guztia hondar beltz eta hosto ustelez josia neukan, txingurrien festarako; sukaldeko zorua zuritik grisera mudatua zegoen, eta zapatila zolak itsasten zitzaizkidan koipe zikinez; harraska ondoan platerak eta lapikoak eta zartagiak-eta mordoka pilatzen zitzaizkidan, begitako mina eragiteraino; harraskan bertan, gainera, ura ez zen zulotik behera errazki jariatzen eta hura erabat hustu zain egon behar izaten nuen, besterik zer egin ez nekiela; ohea, jakina denez, desegin eta ez egin, beti desatsegin… Nolako txoria, halako kabia. Zaborra eta zabarra eta abarra, hamaika mixeria eta muzin jasan dut bakar-bakarrik, isil-isilik, errukarri…, hamabi egunetan! Andrea etorria da jada eta igualeko nago orain, ohe txuri harroan! Non ene txoko, han nire goxo…

Eta hau guztia zertara datorren…? Esango dut ba horixe ere, hara. Giza arrazako gehienek (den-denak ere ez diren arren alfer putzontzi), etxeko lanei dagokienean, ez dute/dugu ikusten (are gutxiago aitortzen) gure bizikide maiteñoaren lana. Gure etxekoandreek urrea balio dute (oro urre ez den arren). Ez dakigu zer zor diegun! Eta ez lanagatik soilik, ez horixe! Baina…, den-dena ere ezin hasiko naiz ba hemen kontatzen, lotsak ere behar du-eta bere tokia.

Bizargorri, 2021-06-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2021
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930