>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

URRETXUKO PAGOETA

Notizia zabaldu berri da ingurumariko hedabideetan eta, azkenaldian modako dabilen fake news gaizto petralen bat ez bada behintzat, sinesgaitz bezain dolugarri gertatzen zaigu gutako askori. Sinesgaitz, halako bizi-indar eragilea izan duelako urte askoan; dolugarri, hantxe bizi izan genuelako gutako batzuok gure 17/18 urtetako gaztaro urte gogoangarria. Eta hauxe da notizia: «Pasiotarrek 86 urteko ibilbideari amaiera emango diote, gaur ekainaren 30ean, Lourdesko Amaren Elizari, Urretxuko Pagoeta etxeari».

Nonbait, agidanez, badirudi pasiotarrek, gehiago eutsi ezinean, Pagoeta utzi eta udaletxea egingo dela hango etxe eta lurren jabe. Hori da gutxienekoa. Kontua da Urretxuko Pagoeta “euskal kulturaren gotorleku” ezagutu genuena galdu dela; kito. Zuretzat, irakurle, akaso, bost axola; ezagutu ere ez duzulako sekula. Hartara, zirrararik ñimiñoena ere nola dizu, bada, eragingo…? Utz iezaguzu, ordea, han ibili ginenoi gure samina adierazten, oroitza-penekin batera. Ez daukagulako pasiotar ikasle fraile-kume izanok hura ahazteko…

Nik, dagokidan gisan, nirea kontatuko dut; nire Pagoetarainoko historia. Baita nirekin batera ibiliena ere, jakina. (Batzuk hiltzen ari dira tamalez; azkena, Iñigo Andonegi mutrikuarra…). Joan den mendeko erdialdeko urteak ziren. Fraileak, etxerik etxe eskean bezalaxe, 10 urteko mutikoen bila ere ibiltzen ziren; ”bokazioa” ote zutenen bila… Ehundaka mutil gazte bereganatzen zuten urtero hegoaldeko lau probintziotatik. Gabirian egin genuen lehen batxiler urtea, pasiotarren konbentuan, gau eta egun bertan, etxera behin ere ezertara joateko baimenik gabe. 120 baginen gu, gutxienez (galiziar batzuk tarteko).

Ondorengo beste bost batxiler urteak Euban osatu genituen. Latina, grekera, matematika eta abarra; baita euskara ere, to! Euskarazko klaseak ematen zizkiguten 1955. urte inguruan. Astean behin, arratsaldez, paseoa genuen; euskara genekienok aparte ipini eta euskeraz hitz egitera behartzen gintuzten… (Orduko gorabeherak ez zaizkit beste hamar orritan ere kabitzen).

Urtero izaten ziren, noski, baja batzuk; bazen etxera ihes egin zuenik ere. Hamasei bat urterekin batxilerra burutu eta Angostora, Araban: han sotana luze beltza jantzi, sandaliak oinetako bakar erabili, zilizioa lotu, hiru botoak egin… Eta hurrengo urtean, nora…?, eta Urretxura, Irimo azpiko Pagoetara. Gure kurtsoan ordurako ez dut gogoratzen zenbat fraile-kume ginen: 30-40 bat…? Gauza da handik astean bost aldiz autobus batean Loiolako jesuiten Santutegira eramaten gintuztela, filosofia ikastera, jakintsuagotzera, santuagotzera…

Egia da gero Deustura joan ginela, Artxandan goian teologia ikastera…; baina gera gaitezen Urretxuko Pagoetan, faborez, oraingoz… Ez daukat-eta, noski, ahazteko urte hura. Guk, hemezortzi urteko mutilok, mezatan epistolak irakurtzeaz aparte, gero arratsean eliza erratzez garbitzen genuen. Herriko neska gazteek bazekiten hori, eta jarlekuetan irri pikaro gaiztoz begira errezibitzen gintuzten… Garaitsu haietan sortu zen Gau Eskola ere. Neu nintzen astero herriko jendeari euskara irakasten zienetako bat. Makina multikopia bat ere bagenuen eta sindikatu abertzale baten propaganda orriak bertatik ziren ateratzen… Erreberentzia dantzatzen nuen zenbait festatan; behin, dantzari ni, praka-azpiak lehertu zitzaizkidan jendaurrean; a ze lotsa! (…) Eliza, Gau Eskola, konpromisoa, katekesia, ikastola… Handia izan da zinez Urretxun, Ipeñarrieta kalean, pasiotarren Pagoeta; handia izan denez! Gaur arte. Penatxo dugu, pena kuanto!, hura bizi-bizi ezagutu dugunok.

Bizargorri, 2021-06-30

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2021
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930