Jendeak ez daki zer asmatu oraintxe. Atentzioa nola edo hala emateko, nabarmen nabarmentzeko, egiten da xelebrekeria franko, balentriaren izenean, alfer-alferrik. Zeuk gogoratuko dituzu kasuak noski bederen hiru; prentsak badakartza egunero gutxienez bi; nik bat kontatuko dizut labur, azken asteburu honetakoa. Ez nabariena, ez berariazkoena; baina balekoa bai, ari garen kasurako.
Atleta korrikalari galiziar batek (zeinaren izenak axola digun bost hemen) entrenamenduak nola egiten omen dituen adierazi berri du hainbat kazetari txundituren aurrean. Nonbait, berak korrika aurreraka egiten omen du; aldapak igo eta jaitsi, ordea, atzeraka; eta esprintatu, berriz, zeharka. (Hori esanda aski ez, eta zera gaineratu du: hori omen dela, hain xuxen, korrikaren kamasutra… Azken adierazpen metaforiko hau beste ohe bateko izara da, ordea, eta utz dezagun bere horretan).
Horrixe esaten zaio, nik uste, balentriaren izenean, alfer-alferrik, zoro-lanak hartzea. Lasterketak aurreraka izaki, atzeraka zein zeharka entrenatu, zer egiteko!? Atentzioa emateko, bestetarako ez. Atleta horren ibilera harrigarriak ahuntzaren gauerdiko eztulak bezala dira: ezertarako ez.
Honen harira, kontatzen dute Nafarroa Beherean, ba omen zela aspaldi Iruñean errege fin bezain bizkor bat. Udaberri aurreratu euritsu batean, oraingoxe gurean bezalatsu, ez bide zuen atertzen: zaparrada ez bazen, lanbroa edo kuku-izerdia behintzat egunero beti. Denbora zertan enplegatu askorik ez gazteluan, eta aspertu samarrik omen zegoen errege. Hala, bere mandatariei agindua eman zien, bila zezatela ingurumarian, beste inork ez bezalako azaina harrigarriren bat egiteko gauza zen norbait, eta, aurkitutakoan, eramateko bere aurrera, kortekoen entretenigarri.
Iruñeatik bertatik oso urrutira gabe aurkitu zuten, agidanean, gizaseme bat aukera-aukerakoa: hari mutur bat airera bota eta, harrigarrizko moduz, orratzaren begian sartzen omen zekien, ttak! Egiteko horretan aritzen omen zen herriz herri, bere asmazioaren erakuspenak jendaurrean egiten harroxko.
Eraman zuten gizona gaztelura eta, erregeren eta korteko guztien aurrean, bota zuen haria airera esku batez zizt!, eta sartu zuen besteko orratz-zuloan zazt! Ez behin bakarrik, gainera; behin eta berriro, baizik. Harriturik zeuzkan ikusle guztiak. Erregek orduan agindu zuen eman ziezazkiotela gizon hari ehun ontzako urre eta… ehun makilada.
—Zergatik ehun makilada!? –galdegin zuen gizajoak, begiak beren zulotan kabitu ezinda.
—Ehun ontzako urre, saria duk –erantzun zion Iruñeako erregek–; izan ere, munduan inork ezin izan dik halako harrigarririk egin oraindainokoan. Ehun makilada, aldiz, zigorra duk; zigorra, hainbeste denbora galdu izanagatik zoro-lanean. Zertarako ari haiz horretan: aurki joango zaigun kukuari prakak egiteko…!?
Bizargorri, 2014-06-04