BI DISIDA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BI DISIDA

Disida duzu desafioa, duelua, buruz buruko borroka. Gaur hona dakartzadan bi disida edo borrokaldiak Zaldibiako Juan Ignazio Iztuetak kontatzen ditu Ez direlako aketsak liburu klasikoan, goiburu luze honako honen azpian: «Garai hartako bi disida, gipuzkoarrek frantsesekin zenbait aldiz, buruz buru eta bat-banaka elkar desafiaturik egin izan dituzten pelea gogorren azaldura». Sinistu nahi dituenarentzat, Iztuetak berak aski labur dakartza historiak (?); nik laburrago emango dizkizut, edozeinek entenditzeko moduan (behingoagatik).

Bat. Iruineko hiria inguratua zeukan Don Juan errege frantsesak 1512ko urte aspaldiko hartan. Ba omen zeukan soldaduen artean bat, indartsu orgulloso aparta, «zeinari aurpegi ematekorik topatzen ez zen Frantziako erresuma guztian». Egun batean, hiri barruan zeudenei, keinuz eta deiadarka, adierazi omen zien harro-harro, beraien arteko gizonik bulartsuena irten zedila kanpora «kazolete eta pikarekin», ezkutu eta lantzarekin, buruz buru peleatzera.

Eta Tolosako Pedro (Pedro Obineta) atera zitzaion begiz begi aurre egitera. Murruz kanpoko frantses armada osoa (nafarrak barne) eta hiri barruko espainiar guztiak (gipuzkoar asko tarteko) begira zeuden, zer gertatuko. «Bortizkiro peleatu eta, garaiturik, ebaki zion burua frantses parrastalariari Pedro Obineta gipuzkoarrak. Eta hala, frantsesak atsekabetu ziren lazki eta hertsituak pozgarritu txit».

Bi. Bigarren disida 1544. urtean gertatu omen zen. Frantses armada berriz ere Gipuzkoako mugan, Bidasoaz honako aldetik. (“Frantsesak eta frantsesak” esanagatik beti, ez da historia erabat egiazkoa, ezta gutxiagorik ere, tartean behar zutelako noski iparraldeko eta nafar euskaldun peto-petoak ugari. Jainkoak ezin du historia aldatu; historialariek, bai). Gauza da armada frantsesa omen zena milaka soldaduekin jarri omen zela «Irun-Aranzundik Hondarribiara bitarteko ihitegian». Ihitegia Juncal da, baldinbaitere; eta Aranzu, agidanean, Uranzu.

Armada hartan ere ba omen zen zaldun famatu bat, monsieur Chanfarron izenekoa, sekula ere borroka bakar bat galdu gabekoa; denak azpiratzen zituen, nonbait, aise. Gizon horrek, oihuz eta espantuka, desafio egin omen zien gipuzkoar guztiei, ekar ziezaiotela probintzia osotik gizon bat arma berdinekin borroka egingo ziona, zortzi eguneko epe barruan;  txikituko omen zuela bertan…! Ez bide zuten urrutira bila joan beharrik izan, ezta zortzi egun itxoin beharrik ere: Juan Perez Azkue kapitaina, Hondarribiko semea, biharamunean bertan prestatu omen zen Chanfarron fanfarroi harekin peleatzera.

Egundoko borroka eginik izan behar zuten. Azkenean, behintzat, «Juan Perez Azkue hondarribiarrak, ezpatarekin burua arras ebakirik, erraldoi handia lurrean zetzala ikusi zuen». Frantsesak orduan, harriturik eta muturik eta umilaturik, atzera bakoitza bere herrira erretiratu omen ziren; baina, hori bai, «beren kutun maite gudari handia Gipuzkoan utzirik». Ordukoa omen da, Iztuetaren esanean, euskarazko kanta zaharra:

 Monsieur Chanfarron jaun handia

Irun-Aranzun datza hilik ezarria.

Bizargorri, 2014-06-25

 

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2014
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30