Jaungoikoak erabateko dohain berezia emana zion pertsona hari: hala gorputzean nola pentsamenduetan, eta egitekoetan ere, denboran atzera egin zezan bide eman zion, alajainetan. Hirurogeita hamar urtetik gora zituenean, hil beharko zuenean aurki noski, zer?, eta jaio egin zen, horra. Aiurri petral gozakaitza erakutsi ondoren, adinean atzeragoko soseguzko on aldira iragan zen.
Jaungoiko gauza guztien egileak hala erabakirik izango zuen segurki (diot, bada, nik), demostratzeko, sobra ere, bizitza gerta litekeela ez bakarrik era progresiboan, baizik baita era atzeranzkoan ere, heriotzako orduan jaioz eta hasiera deitzen dugun unean hilez, existitze berberean azken batean, baldinbetan.
Berrogei urtetara ailegatu zenean, pertsona haren pozaren pozak azkenik ez zuen; gorputzaren eta arimaren ahalmen guztien jabe sumatu zuen bere burua. Ile urdina ilunagotu egin zitzaion eta pauso-emana arinagotu. Adin aipatu berri horren ostean, dohatsu haren irribarrea argiagotzen-argiagotzen joan zen, nahiz eta ez ikusiarena egiten zion, trazaren arabera behintzat, bere halabeharrezko suntsidura prozesu inola demontre ekidin ezinari.
Hogeita hamar urte izatera iritsi eta kementsu sentitu zen, bere buruarekin seguru, abileziaz betea; hurrena gero, berriz, hogei urte bete eta, mutil basa arduragabea. Beste bost urte ere joan zitzaizkion, eta irakurketa aldiez edota jolas-jokoez betetzen zituen eguneroko orduak.
Sasoi hartan, neskatila baten irriño ñimiño batek gehiago lotsagorritzen zuen, plazako parkean lotsagarriro erortzeak baino, igandez. Hamar urtetatik bostera bitartean, bizitza geroz eta bizkorragoa egin zitzaion, zaluagoa; eta, berehala, hara aise loak maiz menderatzen zuen haurtxo bilakatu.
Pertsona hark orduan, gogoak eman balio ere, ezin izango zuen historia hau kontatu, letrak eta sinboloak burutik galduz-galduz joanak zitzaizkion-eta poliki-poliki. Nahi izan balu ere, gure Jaun Goikoak antolatutako biziera hain bitxiaren berri munduak jakin zezan, kontatu nahi izan balu ere, hitzak haren ezpainetan zizaka ziratekeen zezel zertuko.
Oscar Acosta, El Arca (cuentos breves).
Bizargorri, 2014-08-27