Hona hemen, orain hurrena agindu bezala, Spinozaren Jainkoaren (euskaldunon Urtzi zaharraren) berri emanez bigarren eta azken atala, euskaraz lehen aldiz. Deus sive natura; esan nahi baitu, Jainkoa edo Natura. Albert Einstein jakintsuari, Estatu Batuetan unibertsitatez unibertsitate hitzaldiak ematen zebilela, sarritan galdetu izan omen zioten ea Jainkoagan sinesten al zuen. Eta fisikari alemanak beti «Sinesten dut Spinozaren Jainkoagan» erantzuten omen zuen. Jainko hori da mintzo:
«… (Ikus lehen atala aurreagoko blogean). Ahaztu, ahaztu zeinahi gisatako mandamentuak; zeinahi gisatako legeak, ahaztu. Zu manipulatzeko eta kontrolatzeko trikimailuak baizik ez dira, zugan erruaren sentipena besterik sortzen ez dutenak. Lagun hurkoa errespeta ezazu; ez ezazu eragin zeuretzat nahiko ez zenukeenik. Eskatzen dudan bakarra ganora da; ganora edo ardura edo axola zure bizian; sen ernea izan dezazula aldian aldiko gidari.
Ene laztana, bizitza hau ez da proba bat, ez da koska bat, ez da inorako urrats bat, ez da saio-aldi bat, ezta paradisurako ataria ere. Bizitza hauxe duzu hemen orain dagoen bakarra; behar duzun bakarra. Librea sortu zaitut oso; ez da saririk, ez zigorrik; ez da pekaturik, ez bertuterik; inork ere ez darama oharpenik, inortxok ere ez kontu-libururik. Librea zara oso zure bizitza zeru edo infernu bihurtzeko.
Ezin ziurta nezake bizi-aldi honen guztiaren ondoren besterik ezer badenik. Eman diezazuket, alabaina, aholku: bizi zaitez gerora ezer ez balitz bezala; honako hauxe bazenu bezala, existitzeko eta maitatzeko eta gozatzeko, aukera bakarra. Hartara, ezer ez balitz gero, gozaturik izango duzu eman dizudan okasioa. Eta zerbait ere balitz akaso, zaude ziur, ziur zaude, ez dizudala ondo ala gaizki portatu zaren galdetuko. Galdetuko dizut: Gustura ibili zara? Dibertitu zara? Zerk dizu atseginik gehien eskaini? Zer duzu ikasi…?
Utzi, utzi nigan sinesteari. Sinestea uste izatea da, igarri ematea, iduri egitea… Nik ez dut nigan sinets dezazun nahi; zugan senti nazazun nahi dut. Zugan senti nazazun nahi dut zure maitea laztantzen duzunean, zure alabatxoa babesten duzunean, zure zakurra ferekatzen duzunean, itsasoan bainatzen zarenean…
Utzi ni laudatzeari; utzi niri leunkeriak egiteari. Ze jainko egolatra arraio uste duzu naizela!?Aspertu egiten nau laudatua izateak, gogaiturik nago eskerrak jasotzeaz. Esker oneko zaudela zu ere…? Erakuts ezazu, bada, zure burua eta osasuna eta lagunak eta ingurumaria zainduz. Goi-gainetik begiratua sentitzen zarela, miretsirik bizi zarela…? Azal ezazu, bada, zure poza! Horixe da-eta ni laudatzeko manera.
Utzi, utzi gauzak katramilatzeari behingoz; utzi, nitaz irakatsi dizkizuten pellokeriak pellokirten moduan errepikatzeari. Soil-soilean, ziur-ziur jakizu hemen zaudela, bizirik zaudela, mundu honek miragarririk aski baduela… Zer egiteko behar duzu, hortaz, mirari gehiago? Zer egiteko, esplikazio gehiago!? Ez nazazu hemendik kanpo bilatu; ez nauzu-eta aurkituko. Bila nazazu barruan…, hortxe nago, zure barrunbeetan taupa-taupa!».
Bizargorri, 2014-12-17