Hiru egun: atzo, etzi eta etzidamu; hiru baso: topo, topa eta tope… Izan ere, gaur abenduaren 29a izaki, dagoeneko gazte-gaztea ez dagoen lagun baten abentura kontatzera nator. Urtero bezala, atzo ere, inozente egunez, andre sikologo adiskide baten etxera joan zen bisitan, bere moduko batzuekin, birziklatzera. Gauza ilun guztien arrazoi gordeen zaleok, bost lagun guztira, behin aretoan baltsan jarririk zaudela, dama sikologoak, bileraren gidariak, kristalezko baso bat ur altxatu zien begien parera.
Denek ere «Erdi hutsik ala erdi beterik al dagoen galdetuko ziguk, seguru!» egin zuten beren kolkoetarako; baina, ez, bada. «Zenbat pisatzen du, zuen ustez, honako baso honek?», galdetu zien itsumustuan. Batek, ehun gramotik gora ez omen zela asko izango; besteak, berrehun gramo gutxienean baietz; hirurehun gramo izango omen zela, seguruxeagotan ere, hurrengoak… Koadrilako andre sikologoak orduan, eguneko lezioa eman zien, honela gutxi gorabehera:
«Baso honen pisu absolutuak garrantzirik ez du; zenbat denbora eusten diodan, horretan dago koxka. Minutu bakar batez eutsiko banio, ez legoke arazorik bat ere; ordubetez eutsiko banio, berriz, besoa minduko litzake zerbait ere; egun oso batez eutsiko banio, ordea, zurrunduko eta sorgortuko litzaidake oso-osorik oinazetan… Basoaren pisua ez da aldatzen; baina, hori bai: zenbat eta denbora gehiago eutsi, orduan eta eramangaitzago bihurtzen da, edozeinentzat…».
Eta jarraitu zuen: «Gutako bakoitzaren buruhausteen basoa duzue honako hau. Topo eta topo eta topo egiten dugu baso horrekin bizitzan, egunen-egunean ez bada, bai aldian-aldian. Buruhausteoi adi-adi bazaude pixka batean, ez da ezer gertatzen; segitzen badiezu atentzioa prestatzen temati, min ematen hasiko zaizkizu; eta, baldin egun osoan horiei so bazaude, berriz, sorgortu egingo zaituzte, paralizatu, ezertarako gauza ez zarela utziko… Baso hori bazterrera ematen ikasi beharra dago».
Lezioa ikasita, pelikula batean bezala ikusten dut nik gaur, zer-nolako martxa eramango duen gabon-zaharretan etzi gure lagun esoterikoak, gauza ilun guztien arrazoi gordeen bila. Buruhausteen basoa bazterrera utzi, ahaztu, eta okasiotako baso zilarrezkoa hartuko du etxeko txoko beroan lehenbizi, topa eta topa!. Autoa hartuta gero, Irungo kaleetan barrena gau hotz beltzean, ordu txikiek luze joko diote… Eta, azti batek aztiatu balit bezalaxe, jakin ere ondotxo dakit etzidamu (etzi damu!), urte berri egunean, mezu luze bat bidaliko digula adiskideoi, zera esanez eta kontatuz:
«Kontseilu on bat eman nahi dizuet zurrutari eta gidatzeari buruz. Aditu ondo. Bart arratsean, eguna ere halakoa-eta, etxean bapo jan eta kalean lepo edan ondoren, tope-tope-tope!, konturatu naiz gehixko nuela plastikozko basotik. Eta nik sekula egin eztakoa egin dut bart: autoa han bertan utzi, hiri-busa hartu eta etxera etorri. Onik eta pozik ailegatzea sorpresa ederra da, sorpresa ederra denez! Batez ere, kontuan harturik dedio! nik ez dudala sekula busik gidatu, ez dakidala non ostiatik atera dudan eta, oraindik ere (gaueko lanak egunezko lotsak), etxe-aurrean dagoela aparkatua!».
Ez dela abentura sinesgarria…? Gezurrak ere nonbait bizi beharko du, bada!
Bizargorri, 2014-12-29