ZUZENBIDE FAKULTATEAN | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZUZENBIDE FAKULTATEAN

Goiz batean Donostian, “Zuzenbidearen abiaburuak” izeneko irakasgaiaren katedradunak, gure gelara sartu bezain pronto, lehenengo ilarako ikasle bati izena galdetu zion zuzen: «Nola duzu zuk izena?»; «Jon», hark motz erantzun eta «Alde egin ezazu nire bistatik, purtzil arraioa!», irakasleak zakar. Hitzik gabe geratu zen mutila.

Hitzik gabe geratu ginen gu ere gelan, kokilduta, kanoi orro batek agindu baligu bezala… Geroxeago suspertu zen gelakide gizajoa, zutitu zen eta, bere zerak harturik, gelatik kanpora joan zen negar intziriz. Denok geunden haserre, baina inork ez zuen txintik atera. «Ondo da; orain bai… –jarraitu zuen katedradunak, eta galde hau egin zigun–. Ea, ba; esaidazue: zertarako balio digu legeak?.

Beldurrez josiak geunden artean, durduzaturik; pixkana-pixkana, ordea, gure onera itzuli ginen eta, atzekoek nahiz aurrekook, erantzun batzuk ematen hasi gintzaizkion. «Gizartean ordena izan dezagun», batek. «Ez, ba!», hots egiten zuen irakasleak. «Gu guztion aldetik arauak beteak izan daitezen», beste batek. «Ez, ba!». «Gaiztoek beren azioak ordain ditzaten», hurrengoak… «Eztez, ba! Hemen ez al da inor galdera honi zuzen erantzuteko gauza? Zuen guztien artean inork ere ez ote daki, bada, legeak zertarako dauden…!?».

—Justizia izan dadin… –bota zuen bazter batetik bizardun herabe otzan batek.

—Azkenean, horratik! Hori da: justizia izan dadin, koanto! Justizia edo zuzentza; zuzentasuna. Segi dezagun…; eta zer arraiotarako balio ote digu justiziak?

Zapuzturik geunden, haserre artean ere, maisu haren jarrera oies latzarengatik; halere, erantzunak ematen segitu genuen: «Giza-eskubideak babestearren: guztiok bizirik jaioak, guztiok geure eskubideak!», harroxko berritsu batek. «Ez dago txarki esana… Zertarako gehiago?», irakasleak. «Ongia eta gaizkia bereiztearren, bereziki», damatxo babalore batek. «Zintzoak saritzeko», txintxo txiki batek… «OK, ez dago gaizki. Baina, esaidazue, mesedez: zintzo, ongi, gizatasunez jokatu al dut nik arestian Jon gelatik bota dudanean…? Aho batezko erantzun zalantzarik gabea nahi dut!

—Eeezzz!!! –atera zitzaigun denoi batean eta betean.

—Bidegabekeria egin al dut? Injustizia al dut nik lehen egin hor?

—Baaaiii!!!

—Zergatik, hortaz, inork ez du ezer egin!? Zertarako nahi ditugu legeak eta arauak, baldin eta ez badugu ausardiarik zertzeko, gauzatzeko, betearazteko? Zuetako bakoitzak, injustizia baten aurrean, aktuatzeko obligazioa du. Bakoitzak eta denek! Ez hurrengoan berriz isilik geratu, arrano demontre, behin ere…! Zoaz Jonen bila, Jainkoaren izenean –esan zidan ondoren, begietara begira, neuri–; esaiozu etortzeko…

Egun hartan izan nuen nire Zuzenbide karrera osoko irakaspenik baliagarriena: gure eskubideak zaindu ezean, duintasuna galtzen dugu; eta duintasun gurea ez daukagu traturako. Zuzenari, berea beti.

Bizargorri, 2015-02-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2015
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
232425262728