Niri kontatu egin didate pasadizo barregarri hau, errezildar batena. Badaezpada, inor asalda ez dadin, beste errezildar handi batek, Inaxiomari Atxukarrok, aspaldi esana ekarriko dut gogora: «Errezillek badu kirten sona; bearra ere askotan. Eta zer arraio!, gañera, kirtena izaten dan lekuan, izaten da artaburua». Gogorki esana, baina ederki esana, alajainetan. Bihoa hori aurretik, beraz, ondoko ele-mele guztien mandatari…
Errezilgo gizaseme gordin bat Londresera zihoan Loiutik, txartel klase arruntarekin. Aireportuko trikili-trakala guztiak zintzo bete ondoren, abioira igo zen aurreko aldetik. Eskuinera, atze aldera begiratu eta egundoko jarleku arrunt saila… Ezkerrera begi eman eta lehen mailako jarlekuak ikusi zituen; eserleku dotoreak, zabalak, erosoagoak askoz ere… Bere txartela kontsultatu eta zenbaki bereko jarlekua bilatu zuen han. Topatu eta eseri: bapo gure errezildarra, lasai arraio, primeran.
Azafatak, ordea, laster eskatu zion txartela eta bai adierazi ere, gisako bezain eratsu, okerreko tokian eseria zegoela; klase arrunteko billetea izaki, ez zegokiola jarleku hura, atzeko aldeko beste bat baizik, lehendik jarriak zeuden bidez eta legez. Errezildarrak orduan, burua gora, bekokia zabal: «Jaun errezildar ohoretsua nauzu; eta, Londresera iritsiko naizen arte, hemen joango naiz eseria. Ez nau ni hemendik inork mugituko, amorratuak ez baditu. Prakak ez ditugu oraindik galdu».
Zapuzturik, zer esan ez zekiela, bere kolkorako “Jainkoak egin zuen Martin, bere prakekin” eginez, kabinara jo zuen neskak laguntza eske. Eta hango hiruzpalau laguni eman zien bidaiari temosoarekin izandako tirabiraren berri. Kopilotuak orduan, haririk gabeko puntadarik ematen ez zuena bere ustez, uzteko berari auzia, segituan konponduko zuela-eta gorabeheratxo hura. Hala, fede onean ustetsu, joan zen zelako bidaiariarengana. Esan ere, aurrekoz atzera eta atzekoz aurrera esan zion, lehen mailakoa ez baizik klase arruntekoa zeramala txartela, jarlekuz aldatu behar zuela…
Esan ahal guztiak esanda ere, hura bere bostean: «Jaun errezildar ohorekoa nauk eta, Londresera ailegatu bitarte, hemendik ez naik inork altxaraziko. Hago horretan…! Hegazkinean airean pasatzen duk denbora; aurki gaituk bertan; eta kito». Kopilotuak ere ez zuen, noski, sesiorik piztu nahi jende aurrean. Joan eta kapitainari kontatu zion bidaiari errezildar temoso petral harekin gertatu berri zitzaiona. Errezildarra…!? Kapitainak, nonbait, soldadutzan izan omen zuen errezildar bat lagun handia, eta asmatuko omen zuela noski: «Jarriko dela nago, tokiz aldatzera».
Bidaiari egoskorraren albora hurbildu eta belarri izkinara, isilik misilik, zerbait esan zion… Hara non, istant batean, zutitzen den errezildarra, kapitaina besarkatu, eskerrak eman eta abiatzen den tipi-tapa abioian atze aldera, esaneko! Kopilotua eta azafata harritu ziren zeharo, jakina. Gero, begiak artean zuringoturik, ea zer demoniozko hitzak esan ote zizkion ba, galdetu zioten kapitainari, gizaseme temoso petral hura di-da batean konbentzitzeko… Eta:
—Jarleku horiek ez doazela Londresera esan diot.
Bizargorri, 2015-03-11