OHEKO BI KONTU EZ OHIKO | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OHEKO BI KONTU EZ OHIKO

Inportanteena bakoitzak nahi duena irakurtzea omen da. Bestelakotik askotxo dugu eta hona hemen eskaintza diferentea; euskaraz, bederen. Oheko bi kontu ez ohiko. Ez-ohiko bezain ez-usteko, zeren lau horma itsu eta ate itxi baten ezkutuan, mundutik gordean beti, harrigarriak pasatzen baitira. Ez gara asko enteratzen…

Lehenengoa, señora batena da. Alabaren etxera bisitan agertu eta suhia txit haserre topatu zuen salan su eta fu. «Zer duzu…?», galdetu zion damak kezkaz. Eta: «Zer dudan diozu…!? –suhiak–. Esango dizut, ba, horra. Laneko bidaian kanpoan ibilia naiz, eta aurreko batean e-maila bidali nion zuen alabatxo kuttun Katalinari, esanez, gaur netorrela etxera bueltan. Baita etorri ere ni. Eta…, ezetz asmatu zer panorama ikusi dudan begiokintxe!? Zure alaba, nire andrea!, gizaseme batekin, geure ohean, biak larrugorritan. Zer ezkontza eta zer morrontza eta zer gizon hontza, gero! Akabo. Banoa ni hemendik, betikoz».

«Zaude lasai, gizona –amaginarrebak–. Itxoizu pixka bat. Hemen bada zerbait oker-aditu. Gezurra dirudi. Gure Katalina zintzoak ez luke halakorik sekula egingo. Ezta deskuidatuta ere. Neuk hezia da; ondo ezagutzen dut. Hark ez lizuke azpikeriarik egingo; are gutxiago salduko. Esplikazioren bat egon behar du derrigor. Zaude pixka bat; banoa alabagana eta laster bilatuko dut nik zer demontre gertatu den hemen…».

Denbora asko baino lehen, non agertzen zaion suhi haserreari amaginarreba bare-bare, irribarreari ezin eutsiaz: «Ikusten…? Esan dizut nik esplikazio logikoren bat egon behar zuela honetan guztian… Gure Katalinak ez du-eta zure e-mailik jaso!!».

Bigarrena, berriz, da moja batena. Moja horrek, sobra ere, hilabete kasik bazeraman zotina ezin kendurik. Medikutara jo eta: «Sendagile anderea, hau ez da parte onekoa, inondik ere: zotina kendu ezinik nabil joan den aspaldian. Ezin lorik egin dut ondo, ezin jan dut lasai, ezin bizi naiz normal… Hori guztia gutxi ez eta, gainera, soin osoak min ematen dit, hainbeste nahi gabeko zot!, hainbeste tai gabeko tin!».

Medikuak etzanarazten du ohatilan aratinik, egiten dizkio bere azter lanak serio-serio eta: «Zu, emakumea –esaten dio derrepente–, zu haurdun zaude, haurdun». Salto batean zutitu moja, harrapaka jantzi eta korrika atera zen handik ihesi, izu-larri… Ordubete geroago, telefono deia iritsi zitzaion medikuari. Arestiko mojaren konbentuko ama nagusia zen, estu eta larri hura ere, galdezka: «Baina…, mediku anderea, zer esan diozu, zeeer!?, gure ahizpa Mariari? Hamaika ikusteko jaioak gara!».

«Begira, ama nagusi. Alimaleko zotina zekarren gaixoak, zotin gaitza, alajainetan. Zotin halakoa kentzeko, araberako sustoa behar izaten da. Eta nik susto handia eman nahi izan diot; susto handia sustoetan moja batentzat, egia esan… Espero dut honezkero zotina kendurik izango duela, noski, ala?».

Eta telefonoaren beste aldetik ama nagusiak: «Sustoa kendu, diozu…!? Sustoa kendu? Gure ahizpa Mariak sustoa kendu du, bai. Baina…, gure apaiz erretoreak kanpandorretik behera bota berri du bere burua».

Bizargorri, 2015-04-01

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930