MEDIKUAREN KONTSULTAN | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MEDIKUAREN KONTSULTAN

Denok joan behar izaten dugu noiz edo noiz medikuaren kontsultara. Harategian edo arraindegian bezala, txanda hartu eta zain jartzen gara noiz nork deituko barrura, beharreko atentziorako. Batzuetan, ordea, itxaron gela jendez beterik dela, medikuaren erizaina edo idazkaria, harreragilea, agertzen da eta, bertako guztien aurrean, ea zer gorabehera dakargun galdetzen digu. Ez da batere gustukoa izaten, labur eta isilik bada ere, gaitzaren edo ajearen berri jendaurrean adierazi beharra. Isilpekoak gordean eraman nahi izaten ditugu; zilpekoak badira, zer esanik ez.

Horixe gertatu zitzaion behin kosta-herri koskor bateko mutilzahar artean sasoiko bati. Joxemartin jarriko diogu hemen gezurrezko izena. Inozo kaskil samarra zen; mutil atsegin jatorra, edozein moduz ere, konplexurik gabea, herrian ezaguna eta estimatua. Kontsultara sartu eta, zer egin ez zekiela, atzera-aurrera batzuen ondoren, ordenagailu baten atzean eserita zegoen neska idazkariarengana jo zuen zuzen: «Egun on, aizu…». Bat-batean erantzun zion neskak, bigun-bigun baina itzal-itzal: «Egun on, jauna. Zer duzu medikuari esateko?».

«Problema batekin nabil azken boladan… Zakilean badut nik zerbait parte onekoa ez dena». Inguruan zain zeudenek aditu, noski, eta barrezka hasi ziren, ez zen gutxiagotarako ere eta. Idazkari harreragileari, ordea, ez zion batere graziarik egin ateraldiak eta haserre muturtu zitzaion gure mutilari: «Zuk ez zenuke halako gordinkeriarik jendearen aurrean esan behar!». Eta: «Hau marka! Zeuk galdetu ez didazu, ba…!? –Joxemartinek xalo asko-. Nik erantzun egin dizut, errekoño!».

Lotsagorritu zen pittin bat neska eta, mahai gainerago makurtuta, ahopeka ezti, aditzera eman zion mutilzahar bezeroari, alegia, disimulu handiagoarekin ibili beharra zegoela kontsultan; han, konparazio baterako, aski zuela belarri zuloko minarekin zetorrela esatearekin: «belarri zuloko mina daukat», eta kito; eta gero, medikuaren aurrera joandakoan, orduan bai, pribatuan, zekarren benetako arazo gordina argi eta garbi agertu; jendeak ez daukala zertan jakinik, alajaina, inoren gaixotasunaren berri…

Joxemartin ez zegoen mutu mantentzeko eta esan ere esan zion bueltan, berak ere jendearen aurrean galderarik hola-eta-hola ez egiteko, nahi ez bazuen, behintzat, ustekabeko erantzun gogaikarririk jaso… Hori esan eta segituan, ezpainetan irribarrea zuela, burutapen polit bat izan balu bezala, atzera sarrerako atera egin zuen Joxemartinek. Handik tipi-tapa, sartu berriarena eginez: «Egun on, aizu…» esanda presentatu zitzaion berriro mahai aurrera. Eta neskak harreragileak orduan, irri maltzurrez: «Bai…? Ea, esaidazu, ba, zer gorabehera dakarzun».

«Belarriko zuloak min ematen dit. Ez dabilkit ondo…», Joxemartinek formal. Konforme zen neska, buruarekin baietz eta baietz egiten zuelarik, arestian emandako aholkua zintzo bete zuela-eta mutilak. Eta galdetu zion ondoren gainera: «Bueno…, zer duzu, ba, zure belarriko zulo horretan?». «Zer dudan…? Erre egiten didala, min ematen didala, pixa egiten dudan bakoitzean». Esan bazuen, esan zuen: itxaron gelako jende aspertuaren barreak eta algarak esan gabe doaz: ez zen han une hartan gaitzik!

Bizargorri, 2015-04-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930