N0RK EGINGO AMARI ERREGALORIK ONENA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

N0RK EGINGO AMARI ERREGALORIK ONENA

Lau egunen buruko, amaren eguna heldu da, maiatzeko lehen igandearekin. Ama… Hamaika komentario kuttun aterako da egunotan iragarkietan, berripaperetan… Nik hemen gaur kuttunetik ttunttunera egingo dut, samurkeriatik barregarrira, aurkitik infrentzura, gure probintzia honetako historia berri bat kontatuz.

Ama dama donostiar txit elizkoi batek bi seme eta alaba bat zeuzkan, urrutira ezkonduak. Hirurak bapo, arrakastatsu eta aberats. Urteak asko aurrera, bisitatarako aukera gutxi eta, halako batean, bakar-minez, hirurak biltzea erabaki zuten amaren fabore eta oroitzapenetan. Eta erabaki zuten bileran, amatxoren kariño zina eta babes beroa eta otoitz sarria nolabait ere eskertu beharra zeukatela. Eta erabaki ere zuten beren artean, apustu gisa, ea hiruretan zeinek egiten zion amari erregalorik onena, hainbeste eta gehiago ere ondotxo merezia zuela-eta aspaldi.

Seme zaharrenak, Kontxa gainean, luxuzko etxe handi ederra lortu zion. Bigarrenak, probintzian egundo ezagutu ez den auto Mercedes erabatekoa erregalatu zion, txofer eta guzti, nahi ordu guzian erabil zezan. Alabak, berriz, anaia biei irabazi nahian, bere buruarekin gogoetan jarri eta… oroitu zuen amari betidanik gustatu izan zitzaiola asko Biblia irakurtzea, baina azkenaldian, lausotasuna medio, apenas irakur zezakeela ezer ondo. Beraz, bada, loro kafe-kolore gorrizta handi bat bidali zion; loroa, Biblia osoa goitik beheraino errezitatzen ikasia.

Izan ere, zeharka-meharka jakin baitzuen loro haren berri, txiripaz. Nonbait, Arantzazuko bost fraide frantziskotarrek lehendabizi (beren buruko su guztiarekin), eta Hondarribiko zazpi moja karmeldarrek ondoren (beren buruko tximetaraino sartuta), hamaika urtez hazia eta hezia zuten, lana latz eginda; propio zertarako?, eta Biblia errezitatzen ikas zezan, hasi eta buka.

Jakina, loro halakoxe hura amarentzako erostera joan zenean, ahoa neurri eskatu zioten: fraide-mojen bi etxeak zahar-berritze aldera, loro truk, ia milioi bat euro entregatu behar izan zituen alaba gogotsuak. Apustu hartan muskildu egin zen; zorren zorrez bete eta ito, alegia. Halere, balio izan zuen, amagatik. «Zuen amak zein kapitulu entzun nahi duen adierazi orduko, loroa tipirri-taparra hasiko zaio errezitatzen».

Handik denbora asko baino lehen, amak gutun bana idatzi zien hiru seme-alabei, bere esker ona erakutsi nahian. Seme zaharrenari: «Abraham, sekulakoa da eskaini didazun etxea. Nik, ordea, aski dut gelatxo bat bizitzeko. Etxe handiak lan handiak ditu, seme, garbitzen eta jasotzen. Edozein moduz ere, eskerrik asko, polita da-eta oso!». Seme bigarrenari: «Moises, xaharturik bizi naiz dagoeneko; ez naiz gauza etxezulotik inora mugitzeko. Mercedesa alfer-alferrik daukagu geldi eta txoferra hor bidali dizut atzera. Dena den, autoa zoragarria da eta mila esker!».

Alabari: «Ene Sara laztana. Hirurak ere eskuzabal portatu zarete nirekin, Jesus mila bider! Bihotza gainezka daukat ditxaz, barrena bete-beterik pozez… Hiruretan, baina, zu izan zara zentzudunena; zer demontre! Zuk jakin duzu, besteek ez bezala, amatxori zer zaion gustatzen. Hummm…! Oso goxoa zegoen oilaskoa, labean erreta».

Bizargorri, 2015-04-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930