Jaitzubiako golf zelaian, gaur bezalakoxe astegun buruzuriko bazkalondoren batean, erdi jokoan erdi jolasean, golfean ari ziren andrazko elegante bi, astero bezala. Makila eta pilota, jo eta tira; zelairik zelai, jo eta ke, zulorik zulo, jo eta huts; txitxipotxo eta berriketa, jo eta kale… Bistako zegoen bi-biak ere sabel betetik zetozela, ase on bat eginda noski; hala nola ere ari baitziren, zuloen artekoa egiten, gisako bi gizaseme hondarribiar jubilatu berri.
Hartan, bi dametako baten pilotak, danba!, ustez uste gabe, gizonezkoetako bat harrapatu zuen bete-betean. Ai ene…! Haginean min duenak mingaina hara, da esaera. Gizon gizajoak bi eskuak hankartera eraman eta, plausta!, lurrera bota zuen bere burua, dinbili-danbalaka, negar muzinka, jira eta min, txiki-arraio egina. Han ez zen bromarik, gero! Andre biak berehala ohartu ziren gertatutako okerraz, eta abioan jo zuten gizon errukarriaren bila, eskua ematera, minarenak albait arintzera…
—Ene, bada! Barkaidazu…! –damu hartu zuen damak zinez–. Zaude, baina, lasai, nik lagunduko dizut eta.
—Uuuiii! Aaauuu! Ooohhh!!! –gizonak lurretik oihu saminez, mainontzi–. Hemen ez da atarramendu onik… Suerte txarra heltzean, zakurren potroak eltzean!
—Kiropraktikoa naiz, eta nik badakit min hori nola kendu. Uzten badidazu…
—Ondo da. Baina, mina berez ere aurki joango zait, ala?, amorratuak ez baditu!
Eta fetu-jarreran segitzen zuen aiumaka koitaduak, zelai berdearen erdian, bi eskuak hankarteko azpietara sartuta. Minutuak aurrera, jendea elkarri begira, mina ez zen arintzen… Dama esan eta esan ari zen berak bazekiela zer egin, berak bazekiela nola, uzteko berari… Atzenean, behintzat, baietz; baietz esan zion gizon minez leher eginak; egin ziezaiola nahi zuena, baina oinaze madarikatu hura kentzeko, errekoño, alajainkoa!
Orduan, dama katxarroa belauniko jarri gizon biribilduaren ondoan, eta, aurrena, poliki-poliki, bi eskuak hankartetik libratu eta zelai gainera luzatu zizkion; ondoren, adeitsuki, buruz gora jarri zuen etzanda; eta gero hurrena, galanki-galanki, brageta ireki zion, drrraaaka!, goitik beheraino.
Behin gizaseme minberatua sorosteko egokieran ikusi zuenean, bere bi eskuak galtza-zuloan barrena sartu zizkion kiropraktikoa omen zenak, astiro-astiro, eta masajea ematen hasi zitzaion, ezti eta gozo, aspalditxotik ondo erakutsia zioten eran, organo genitalean, hala zakil gain nola barrabil azpi… Astiro bezain gozoro, zirri eta mirri, makila eta pilota, igurtzi eta igurtzi…
—Ez al zaude hobeto orain…!? –galdetu zion damak belarri izkinara, errukior.
—Zoragarri nago, zo-ra-ga-rri! –erantzunik izango zion gizonezko arestian pilotak jo eta min hartuak, hankak zabal-zabalik–. Hala eta guztiz ere, lehen bezalaxe oraindik ere, min ematen dit eskuan.
Bizargorri, 2015-05-06