Datorren larunbatean jokatuko du Athleticek Espainiako Koparen finala Barçaren kontra Camp Noun. Kaleak betean dabiltza dagoeneko zaleak, «irabaziko dogu, zergatik ez?, aibala ostia!» eginez. Norainokoak diren erakusteko, harria baino gogorragoko setaz eta kopetaz lehiatuko dira, bilbotarrek berezkoa dakartelako halakoetan beti. Guztixe da oso gatxa, fazile izan aurretik. Beste harena bezala…
Bilbotar bati loteria tokatu zitzaion behin. Pagotxa, Ipinarrieta bete urre. Lana egiteari utzi, seme-alaba bakoitzari pisu eder bana Algortan erregalatu eta, emaztearentzat eta bientzat, txalet berri-berri bat erosi zuen Hondarribian, hondartzaren gain-gainean. Behin bertan bizi izaten jarri zirenean, Donostiako eta Biarritzeko dendarik onenetan arropak eta makilak eta zerarik dotoreenak erosi ondoren, Jaitzubiako golf-zelairako eman zuen izena.
Sozio egin zuten lehen egunetik erronkoso agertzen hasi zen nonahi, «Hemen ez jagok potrorik neuri irabazteko!» eta hala-moduzko harropuzkeriak aldarrikatuz ahobero. Bertakoek beren artean, hitz estalika, esaten zuten: «Arraioa, jenioa! Bilbon jaioa da demonioa!». Baten batek aldarte onean, halere, gomendio egin eta aholku ere eman zion, alegia, golfa ez zela joko erraz-erraza ere, eta, ezertan hasi aurretik, komeni zela beti ere klaseak hartzea, adituren baten ikasbideak aditzea.
Ea nor zen, bada, hango golf-maisurik onena, karuena. Eta, dudarik gabe, Axi omen zela. «Aupa, Axi, txo –esan zion bilbotarrak–. Jolas honetan klasetxu batzuk hartzea komeni ei jata. Zuk gure dozuna kobreu, aibala ostia! Gure badozu, ointxe pagauko’tzut… Ezer hartzeko gogorik badozu? Bermuta? Bilboko ura? Neure kontu». Baietz, Axik, konforme. Eta zerbait zurrut egin ostean, joko-hasierako puntura abiatu ziren biak. Jende mordoxka bildu zitzaien ingurura, begiluze, barrerako prest.
«Hasterako, zuk sekula jokatu al duzu golfean?». Eta: «Nik golfean jokeu!? Aibala ostia: jokeu, jokeu…, neuk palan bakarrik jokeu izan dot frontoien». Axik: «Hemen kontua zera da: pilota lurrean dela, makilaz jo eta (hortxe dago koxka) harako banderatxo hartatik ahalik eta hurbilen utzi behar duzu. Ulertzen al didazu?». «Entendiduko ez dot ba, aibala ostia! Ez da hain gatxa be…». Berriketak alde batera utzi eta bilbotarrak makila hartu eta, dzaust!, gogotik eman zion kolpea pilotari…
Pilota, profesionalik onenak eman izan balio bezala, tee-tik zuzen joan zen bandera azpira, zuloaren ondo-ondora. Denak, noski, aho bete hortz gelditu ziren. Green-erantz tipi-tapa zihoazela, maisuak begi biak harri bi: «Harrigarria, benetan. Ia-ia sartu duzu-eta pilota zuloan!». Eta bilbotar erronkosoak: « Sartu egin behar neban, ala!? Esan ba garbi, aibala ostia! Ez niri esan: “ahalik hurbilen utzi behar duzu…”».
Hiru egunen buruan, Athleticek Espainiako Koparen finala jokatuko du Bartzelonan… Ederra! Taketa lez! Ahalik hurbilenera iritsi dira, ez da hain gatxa be… Sartu egin behar da, ordea, sartu! Ederrak bi balio, kariñosuak lau, umilla izatiak asko balio dau… Bien bitartean, lehoiak barrezka ari dira oihanean, gabarra loturik dago itsas-adarrean, bandera zuri-gorriak haize-putzez daude zabalik airean…, aibala ostia!
Bizargorri, 2015-05-27