Ez dut atzo goizean gure Goierrin aditua «Zarra, txarra», esaldi labur bezain adierazkorra. Geroztik Bidasoaren alde bietan entzun izan dut honako hau: «Zahartzeak deus onik ez du». Eta, bestalde, literaturatik jasoa dut «Zaharraren sistema, seta eta tema». Zahartzeari buruz, ordea, bada bestelakorik ere, zorionez, aldian aldiko bizkorkiloei eskerrak, ez hain ezari eta beltzari emanik.
Nik hona gaur hogei ateraldi ekarriko dizkizut, handik eta hemendik bilduak. Denetakorik baduzu; ezagunak, agian. Anabasan metatu gabe, aliritzira kateatu dizkizut lehendabizi; akaberan gero, autoreen izenak ipiniko ditut, hurrenez hurren, zein esapide zein autorerena den jakin dezazun; eta, bide batez, zeuk ere lan pixka bat izan dezazun. Eten puntuak izango dira esalditik esaldirako etenak. Goazen…
Bi urte behar izaten dira hitz egiten ikasteko; hirurogei, isiltzen ikasteko… Bizitzako lehen berrogei urteek testua eskaintzen dute, pasartea; hurrengo berrogeiek, komentarioa, iruzkina… Gazteak arauak ezagutzen ditu; zaharrak, salbuespenak… Zahar jendeek ez dute gazteez uste onik izaten, gazte izanak direlako, eskarmentuz… Bere egitekoa konplitua dela kontsideratzen duena bilakatzen da xahar; xederik batere gabe jaiki eta esperantza alerik gabe oheratzen dena… Ondo zahartzeko artea esperantzaren bat bederen mantentzea da… Zahartzaro egokiaren gakoa hauxe besterik ez da: bakardadearekin hitzarmen zuzen zintzoa egitea… Zahartzea mendi gaitz bat igotzearen pareko da: igo ahala, indarrak ahultzen dira, bai, baina begiratua libreagoa da, eta ikuspena zabalagoa, jabalagoa… Zahartzen ari direnek dute bizitza bene-benetan maite… Denok nahi izaten dugu zahartzarora iritsi, eta denok ukatzen dugu iritsi izana… Denbora luzez bizi ahal izateko, oraindainokoan aurkitu den sistema bakarra, zahartzea da… Atso nahiz agure denbora askoan izan nahi baduzu, egin zaitez atso edo agure lehenbailehen… Zerbait egiteko, zernahi dela ere, zaharregia naizela aipatzen didatenean, berehalakoan saiatzen naiz horixe egiten… Atso-agureek aholku onak ematea atsegin dute, erakutsi gaiztoak ezin ematetik kontsolatzearren… “Oraintxe baino gazteago egundo ez naiz sentitu” esan ordukoxe hasten da zahartzaroa… Zahar jendeak ondotxo daki hiltzea loaren antzekoa dela; pixa egitera jaiki beharrik gabe, ordea… Bizitzaz nintzen zeharo maitemindu; zergatik?, eta, bera izango delako, nik abandona dezadan baino lehen, utziko ez nauen bakarra… Zahar jendeak primeran daki ohea dela munduko tokirik arriskutsuena, hamarretik bederatzi bertan hil ohi delako… Zahar jendearentzat (ere) alferrikako gastua da kanposantuetako murruena; izan ere, barrukoak ezin irten dira inola, eta kanpokoek ez dute sartu nahi ezergatik… Hiltzen naizenean, paradisua klimagatik aukeratuko dut nik; infernua, aldiz, konpainia onagatik…
(E. Hemingway, A. Shopenhauer, Oliver Wandele, W. Shakespeare, anonimoa, André Maurois, G. G. Márquez, Ingmar Bergman, Sofokles, Quevedo, Sainte-Beuve, Zizeron, Picasso, F. Rochefoucauld, Jules Renard, (?), Neruda eta, azken hirurak, Mark Twain). Ederra koadrila, parean tokatu izan bagina, autobus koxkor batean Benidormera joateko negu pasa, kontu kontari, kantinera eta guzti!
Bizargorri, 2015-09-02