Katalunia gora eta Katalunia behera, sinistekoak ez dira egunotan hedabide eta sare sozialetan entzuten eta irakurtzen ditugunak, lurralde hartan guztiak ume inozo zuntzun balira bezala. Datorren igandean, irailak 27 izango dituenean, hitz egingo dute bertako hautesleek. Beldur-ikaran dira espainiarrak. Kaka dariela daude. Eta beldur-ikara horixe bera egia tragikotzat hartuta, kaka esplikatzen ari zaie katalanei ezkerretik eta eskuinetik, goenetik eta barrenetik, inoizko alditan baino gogorrago.
Alegia, independentziara abiatuko balira katalanak, errukarri halakoak!, eurotik at geldituko omen liratekeela, bere-berehala; enpresa handiek kanpora ihes egingo omen luketela, noski; bankuak erretiratu eta “corralito” delakoa tokatuko omen litzaiekela, seguru; tankeak aterako lituzkeela armadak, behar izanenean… Profeziaren artea oso zaila dela zioen Mark Twainek, batez ere, etorkizunari dagokionez. Espainiarrek kaka eginda utzi nahi dituzte katalanak, betiko adiskide omen direnak. Adiskideak? Kaka zaharra. Eman eta kendu, infernuko txerrenak egiten du. Min dute katalanek, min zahar tai gabea; damu-domaiak zor dizkiete, kalte-galerak.
Pau Gasol saskibaloi jokalariarena da beste hortik honakoa. Iazko irailean esan zuen behin “herri guztiek badutela erabakitzeko eskubidea, beren borondatea adieraztekoa”. Lepotik heldu gaizto, sasi guztien azpitik arrastatu eta liburu berdean paratu zuten doilor. Aurten oraintsu Pau berari esker, batik bat, irabazi du Espainiako selekzioak Euro-Basketa (barka!), 2015. Airean hartu dute laudorioka eta laino guztien gainetik paseatu, Bat-Handi-Librearen salbatzaile. Telebista eta berripaperak oraindik ere haizea hartuta dabiltza, ipurdi batetik kaka eginean…
Kataluniara bisitan ia egunero ari da Mariano Raxoy, putza izan ez eta kaka banaiz esanez. Aurreko batean, abioian, neskato bat eseri zitzaion alboan. Grazia eginik izango zion Espainiako Presidente jaunari eta hizketan hasi zitzaion umeari: «Hegazkinean airean pasatzen omen da denbora berriketan jarriz gero. Hitz egingo al dugu biok pixka bat…?». Xalo begiratu zion neskatxak; eta, eskuartean zeraman liburua itxirik, zera esan zion: «Zertaz hitz egitea nahi duzu…?». Eta: «Iruditzen bazaizu -Raxoyk-, Kataluniaren independentziaz mintza gaitezke…».
Harritu zen pittin bat neska; laster eman zuen erantzuna, hala eta ere: «Ondo da. Baina utzidazu, faborez, lehenago galderatxo bat egiten, buruan xiri eta xiri dabilkidana: zaldi batek, behi batek edo orein batek zera berbera jaten dute, belarra, ez da hala?». Eta Marianok: «Bai, hala da». «Beraz, denek bazka berbera baldin badute, zergatik, kaka egitean, oreinak egiten ditu bolatxoak, behiak gorotz piloak eta zaldiak, aldiz, belar-pilota lehorrak? Zer dela-eta halako aldeak, denek belarra janda!?».
Nabarmen zen harritu Raxoy, kaka-loratua, neskato haren burubide berexi bixkorrez; eta, instant batean pentsaketan egon ondoren, esan zuen: «Ez dakit, ba. Ezta ideiarik ere…!». Eta neska txiki aingerutxoak orduan: «Ez dakizula…!? Zuk zure burua benetan ikusten al duzu, hortaz, gaitua Kataluniako independentziaz mintzatzeko, eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko…!? Ez dakizu-eta kakarenik ere esplikatzen!». Kaka egin zion burutik behera neskatilak Presidenteari.
Bizargorri, 2015-09-23