Hona hemen guraso zaharrok, aitona-amonok, etxeko telefonoan grabatu berri dugun erantzun automatikoa, beste inork berean ezarri nahi izango balu ere, guraso gazteentzat, geure seme-alaba dagoeneko aitatxo-amatxo eginentzat. Jakin dezatela guraso zaharren mugimendua nola zen; bi tenpo zituela, alegia: bata, gauean ohean etzanda: bestea, eguneko egitekoen txanda, ordezkorik ez zan-da. Bata, lehena? Ondo asko dute kunplitzen. Bestea, bigarrena? Besteon isatsarekin dituzte euliak kentzen…
«Kaixo!
«Une honetan ez gaude etxean. Baina utz iezaguzu zure mezua, mesedez, seinale-hotsa entzun eta gero. Ahalik azkarren erantzungo dizugu. Piiittt…!!!
«Baldin gure seme-alabetako bat bazaitugu, saka ezazu 1a. Ondoren, aukera ezazu 1etik 5era, dagokizuna, segun-eta mundura zenbatgarren tokatu zitzaizun senideetan sortzea; hartara, jakin egingo dugu gure nor zaitugun. Ondoren gero, seinala ezazu zure premia:
«Baldin umeak egunotako batean guk gobernatzea nahi baduzu, saka 2a.
«Baldin eguerdian umeen bila eskolara joatea nahi baduzu, saka 3a.
«Baldin etxea jaso, garbigailua jarri edo arropak lixatzea nahi baduzu, saka 4a.
«Baldin harategitik eta arraindegitik betikoak ekartzea nahi baduzu, saka 5a.
«Baldin bilobatxoak gurean lo egitea nahi baduzu, edo, bestela, gu biotako bat zuenean gauez umezain gelditzea, saka 6a.
«Baldin gure autoa uztea nahi baduzu, edo zuetako bat ITV/IATera edo olio aldatzera edo garajera eramatea nahi baduzu, saka 7a.
«Baldin gaur bertan edo bihar edo etzi edo igandean bazkaria hemen gurean prantatzea nahi baduzu, edo zuenean tupperwuare-tan uztea, saka 8a.
«Baldin diru pittin bat behar baduzu, saka 9a.
«Baldin paseatzera edo bazkaltzera edo afaltzera gonbidatu nahi bagaituzu; edo zinemarako, antzokirako, talassoterapiarako, bidaia baterako… gonbita egin nahi badiguzu; (edo, beharbada, gure adiskideetako bat baldin bazara…); has zaitezke derrepente hizketan, zuzenean entzuten ari gara eta».
Honaino etxeko erantzungailuan grabatu berri duguna… Izan ere, hazi ziren gure umeak gozoro, hezi genituen eztiki. Eta baten batek esana da, ez omen dagoela hezteko modu gozo-eztirik. Ezta, akaso, zahartzeko modu lasai-erosorik ere. Ateratzen ditugu aitona-amonok porru ederrak seme-alabengandik, porru ederrak ateratzen ditugunez!, hamaika ordu extratan on-begiz jokatuz, esku-atseginez jardunez, zerbitzuko lanetan, morroi-neskame esaneko umil… (Hala bedi, dena den, urte luzez. Maite ditugu-eta bihotzez. Bihar zer plan ote dugu? Zer behar ote dute gugandik? Zerbait izango da…).
Bizargorri, 2015-09-23