>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LELOZ LELO

«Eman euskara elkarri». Hil honen 14an atera zen Andoaindik 18. Korrika, eta hilaren 24an ailegatuko da Baionara. Hamaika egun euskal herrietan barrena korrika… Hamaika kontu hamaika tokitan. Ni erabat bat nator Xabier Etxaniz Rojok esanarekin: «Euskara beti lotzen diagu lanarekin, militantziarekin… Euskara nekearen sinonimo duk. ‘Eman euskara elkarri’ gabe, askoz hobe ‘eman plazerra elkarri’ leloa». Igualekoxea!

«Munduan primeran bizi liteke profeziak aldarrikatuz; ez, ordea, egiak esanez». Oso ondo daude ‘euskara salbo ikusi arte ez dut moztuko bizarra’, ‘ezina ekinez egina’, ‘udaberriko txoria, egunsentiko argia, euskal hiria…’ eta hala moduzko lelo(…)ak. Gaur bertan da udaberri; egunero da egunsenti. Baina, zertarako egunsentiak, jaikitzen ez badakigu?

«Laratzak badaki etxeko berri». Guri esango digute! Etxe guztiek laratza beltza; baina, ene, gurearen beltza! Ikastolek eta euskarazko eskolek, urte askoan, egin dute berea; baina etxekonekoa, auzoa, hiria arras zaigu euskaldunoi arroztu gure hizkuntzan. Gure gazteak geroz eta narrasago mintzo dira, mintzo badira… Beltza da panorama. Euskalduntasunaren maisu gehiago dugu hemen, euskalduna baino.

«Aberriaren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak». Geuk beharko dugu mugi, hortaz. Bestela, beste harena: hilobia omen dela noski gerizperik onena ekaitzaldian. Mugi, jaiki, korri! Gaur delako udaberri; egunero dugulako egunsenti. Korrika hor doa ttipi-ttapa, eskuz esku euskara banatzen. Ez legoke batere gaizki, batere gaizki ez legokeenez, musuz musu hasiko bagina banatzen euskara gurea. Plazer bat izan dadin euskararena. Lelokeriarik gabe.

Bizargorri, 2013-03-20

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031