«Gure literatura zaharrean, ‘Bi mila hamaseia!’, oihu-garrasi hitzak izan dituk, izu-ikara erakusteko garaian. Ondo dakik hik hori, ondo dakianez, lagunxar. Xar koanto, hirurogeitaka urterekin. Eta, behin zahartuta, jendeak uste dik ez omen dagoela atarramendu onik: urte berri, urte zahar, Martzelino praka zahar! Uste ustela hori, ordea; larrienean beti, ttak, argia agertzen ohi delako, hori ere badakik ondo: txikili eta txakala, txurrut eta purrut, urte zahar, urte berri, eroak ere igerri.
«Urte zaharrarekin, zahartu haiz hi heu ere, Martzelino; zahartu haizenez. Urte zahar hau bezala (‘hamabost pausoz konponitzen da kalbarioko bidea…’; ‘kintzetik kintzera ahulduz doaz mutilak…’), urte zahar kintze (2015) hau bezala, azkenetan habil hi ere; azkenetan… Beraz, bada, hona hemen hiretzat, aitona eskarmentatuen artean e-mailez e-mail bala-bala dabiltzan hamasei aholku zuhur, hirurogeitaka urtetik gorako gizasemeentzat. Ibil hadi fundamentuz sexu kontuan (ohera, lotara ez, bestera abiatzen haizenean). Intentzioak atentzioak behar ditik, Martzelino.
«01. Ezer baino lehen, betaurrekoak ondo garbitu eta hire bikotea ohean dagoela egiaztatu behar duk. 02. Argi txikiren bat bederen pizturik utzi behar duk, komunera altxatzerakoan minik ez hartzeko. 03. Telebista edo irrati edo dena delako zerak itzal itzak, hire lanean bete-betean kontzentratzeko, hire lan zailean dena emanean aritzeko. 04. Ahaztu gabe, erabat erantzi, arropa-korapilorik beso-hanketan ez izateko gero. 05. Badaezpada, apunta ezak eskuan hire aspaldiko maitearen izena, une beroenean burua joaten bazaik ere… 06. Programa ezak hire iratzargailua, hamabost minutura txirrina jo dezan, ttin-ttin!, badaezpada ere; akzioan, akaso, lo hartuko duk-eta, oilar mantso.
«07. Har ezak pilula urdin magiazkoa; agian, hobe bi. 08. Har hitzak aspirina bi ere, festa hasi dadin baino lehen, porsiakaso ere, infartuak-eta, badakik… 09. Eskura eduki anelgesikoren bat, bizkarrean edo izterrean zain-tiratua eginda ere… 10. Prest eduki ezak telefonoa, gogoan 112a, larrialdietarako numeroa, zer gerta ere. 11. Osasun-poliza ere gerturik eduki ezak mahai gainean; hire gizarte-segurantzako txartela, zeinahi dela ere. 12. Hire testamentu edo azken-nahia ipini ezak ikusteko moduan bistan, larrialdi dolugarriren bat tamalez tokatuko balitz ere…
«13. Atera ezak ahalik eta zarata gehien, traka-traka!, auzokoen batere kezkarik gabe, haiek ere hi bezain zaharrik zeudek-eta, haiek ere gorraizea zeukatek-eta. Ez ditek, gainera, sinetsiko egiten ari haizena, susmoak susmo. 14. Lortzen baduk (egitea, azkentzea, zertzea), txitxi baino kontentuago, konta iezaiek hire lagunei, whatsappak idatz iezazkiek, e-mailak bidali…: harriduraren harriduratan, zuri-zuri zurturik urtuko dituk inbidiatan. 15. Utz itzak beste baterako urak eta teak eta kamamilak; hartu ardo on bat eta topa, un-blen-ble! kantari. 16. Ez hadila bigarren aldiz lan zailera saia inola demonio: hilgarri gerta zitekek; kontuz, bi mila hamaseia! Behin bale, balekibale.
«Urte Berri On, Martzelino lagunxar! Eta hurrengo txikili-eta-txakala berriz ere fortuna dakian bitartean, kanta ezak koadrilan txurrut eta purrut, irriñoz bettez, euskaldunaren betiko leloa, esaten baituena: ‘Hau da edari zoragarria, niri gustatzen zaidana. Maria Jesus bihotzekoa, bete hamaseigarrena!’».
Bizargorri, 2015-12-30