GU BETI POZEZ, BETI ALAI | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GU BETI POZEZ, BETI ALAI

Atzo bezpera eta gaur San Sebastian eguna, hala bata nola bestea noiz edo noiz  denok ere ospatu izan duguna, irri eta pirri, xurrut eta purrut… Kontatzera nator kasu pare bat, Hondarribiko senar-emazte ezagunena, Juana Bixentarena eta Joxemarirena. Biak hondarribiarrak, sinesteak lanak baditu ere, kasualitatez. Kasu biak hilaren hemeretziko danborrada ondoren gertatuak dira; barregarriak bi-biak, bene-benetan.

Orain dela hogei bat urte, lau senarrak soziedadera zihoazela bapo afaltzera-eta, lau emazte andereño zapuztuek bilera egin zuten: hilaren hemeretzia izaki, ea herritik joango ote ziren, bada, Donostiako danborradara… «Bagera! Gu ere bai! Penak txokora, festara, dantzara…!», kantatu zuen batek. «Gaur da eguna; ez dugu etziko!», aldarrikatu zuen bigarrenak. «Izotza bada, euria bada, goazemizia!», balentriaz, hirugarrenak. Eta, zer egingo, hura egingo: autoan Donostiara joan ziren ihesi laurak.

Berealdiko festa eginda, goizeko ordu txikietan hartu du autoa arestian aipatu Juana Bixenta artean gazteak. Sartu dira laurak kantari, hasi da motorra ibiltari… Haizea hotz, euria lodi, gaua beltz… Derrepente, autoak kapot gainetik trak-trak-trak! hots itsusia… Hura ez zela parte onekoa, inondik ere, eta kezka eta larria piztu da lau andereñoengan. Euritan autopistan aurrera, eta trak-trak-trak…! Irungo ordainlekura bizpahiru kilometro falta zirenean, berdin: trak-trak-trak…! «Ez dinagu gauza onik: edo motorra erre dun, edo junta-kulata izorratu dinat, edo… Nik, badaezpada…». Telefonorik ez. Autoa bazterrean utzi, laurak jaitsi, oinez tipi-tapa abiatu kilometrotan blai, ordainlekuko argitan autogidari konfiantzazko bat aukeratu eta goizeko bostetan etxera, hotzak akabatzen, mela-mela eginda, dar-dar. Errukienak zeuden gaixoak…! Biharamunean, grua eta guzti, tekniko bat bidali zuten autoa zegoen puntura azter zezan, garajera ekar zezan motorra konpontzera… Parabrisa omen zeukala pittin bat trabatuta, besterik deus ere ez; autoa gainerantzekoan primeran omen zegoela! Pentsa Juana Bixentak entzun behar izango zituenak, arraio tximista! Txolin arraioa, politena!

Orain dela dozenerdi bat urte, senarraren txanda. Donostiar adiskide batzuek soziedadera afaltzera gonbidatu eta joan da danborradara. Joxemari zar eta gazte, kalerik kale, danborra joaz, umore ona zabaltzen or dijoaz… Irri eta pirri, xurrut eta purrut, ordu txikiak ustekabean handitu eta goiz-urratzean lo-usainean abiatu da giza-joa autoa hartuta bueltan etxera, mozkor xamarrik. Irungo ordainlekuan bertan, ertzainak. Gelditzeko; ea nora zihoan… Joxemarik, begiak tarro baina bularra harro:

—Hitzaldi batera noa –esan zien serio-serio-. Hitzaldi hori alkoholaren gehiegikeriaz izango da, zurrutak denborarekin gorputzean eragiten dituen ondorio hilgarriez; seme-alabei sortzen dizkien kalteez, familiarekiko atarramentu guztiz gaiztoez; etxeko ekonomiari zurruteroak beti ere ekarri izan ohi dion galeraz; etxeko gizonak eduki beharreko arduraz eta erantzukizunez; auzo-jendearen zer esangoaz…

Ertzainak, sinestu ezinda:

—Benetan? Serio ari zara!? Eta nork eman behar du hitzaldia goizeko orduotan?

—Nork…!? Juana Bixentak, etxera sartzen naizen bezain pronto! Hara bestea…

Bizargorri, 2016-01-20

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031