Gaur, maiatzak hogeita bost dituenean, bost pazientziaren beharrean zara, ondoren aurki datozkizun egunetarako. Bost gau ilun eta bost egun argi baitatozkizu, elkarren segidan, zein baino zein enparagarriago, higuinago eta nazkanteago. Sentidu korporalak bost diren arabera berean, bost zangotako zaldiak korri ezin…
Bihar bertan, aspaldiko plan eta proiektu, zeure langela edo liburutegia duzu atakatzeko asmoa: paper zaharrak kanpora, apal gainkargatuak arindu, txoko nahasia eraberritu… Etzi, berriz, hilabete justu barru hauteskundeak izaki, lagunxahar batekin joango zara, konpromisoz, bilera politiko batera: denek ahoa bero, hitz-mitz, promesa franko eta putza… Etzidamu, jarraian, familiako hil berriak direlako kausa, administrazio publikoarekin duzu hitzordua: paperak handik, paperak hemendik, bai baina ez, ez baina onean bai inoiz… Etzidamuagoan, hurrena, igandearekin, musika kontzertua herrian: doinu belarri gozagarriak entzuteko parada xarmanta (omen), ustez gozamena lagunen uste ustelean… Eta azkenik bosgarrenean, zerga-agentzian duzu derrigor presentatu beharra, haren lemari men eginez: «Ni zurekin izanen nauzu betiko; zorrak dizkizut kitatuko; atzetik naukazu, ez zaitut abandonatuko».
Egia esan, zizareak zure kontra berotu zaizkizu eta larri jarria zara dagoeneko, inon ezin kabituan. Halere, larriak ere irria bai baitakar inoiz, gainera datozkizun bost egunok señora harena ekarri dizute gogora, eta barrezka hasi zara. Bost aldiz bai, barrezka…! Joan da dama bat ginekologoarengana eta, azpiak eta barrenak miatu ondoren, medikuak: «Emakumea…, zu oraindik birjina zaude». Eta: «Bai; halaxe da, bai. Bost senar izan ondoren, gainera». Eta jaun ginekologoak, aho bete hortzekin: «Ez da posible, ezin liteke! Nolatan, baina…!?».
Señorak orduan: «Bost senar izan ditut, bai… Eta “bostak ematea” esaerak, ez badakizu ere, adarra jotzea esan nahi du euskaraz, txantxa hutsean ibiltzea. Eta neuri tokatu bostak, horra. Lehenengo senarra arkitektoa izan nuen: bost sos bai etxean, baina harekin denak ziren proiektuak, egitasmoak, itxurak… Bigarren senarra, berriz, politikoa tokatu zitzaidan: dena zuen promesa, beti zegoen bere bostean antzu bezain lehor… Hirugarren senarra, ondoren, funtzionarioa harrapatu nuen: harena guztia beti zen “bihar, bihar; niri bost axola; gaur, aukeran nahiago ez”… Laugarren senarra, hurrena, zer?, eta musikaria; harekin zer?, eta “jo” beharrean “ukitu” egiten zuen; bazekien hark bost joaren jolasez, jolin!»…
Istant batean isila sortu zen biak zeudeneko gelan… Hutsartea eraman ezinik, historia hartan zerbaiten falta bazela-eta, medikuak interes handiz galdetu zuen: «Señora…, eta… bosgarrena? Bosgarren senarra…!?». Orduan damak muzin samar erantzun zion: «Nire bosgarren senarra zerga-ikuskaria gertatu zitzaidan. Inspector de Hacienda bere esanean. Sukaldean, salan, ohean zernahi egiten niola ere, esker onik bost! Ipurditik ematen besterik ez baitzekien. Beti popatik ematen hura. Eta horrek niri bost…! Hahor, bada, nire bost senarren historia, eta nire birjinarena. Bostetan aipatu izan da bost zangotako zaldia; baina bost zangotako behorrak ere, ezin korri…».
Eta agur eta adio despeditu ziren, elkarri bostekoa emanda.
Bizargorri, 2016-05-25