GAURKO ZURE EGUNAK... | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GAURKO ZURE EGUNAK…

Atzo, Santa Luzia, egun guzia; eguna motza eta gaua luzia. Orain berrehun eta laurogeita bederatzi urte bezala… Orain hogeita hamabost urteko gisa berean…Hi heu ez haiz oraingoa, txokilio; ezta Santa Luzia feria ere. Ezkio-Itsaso azpian, Santa Luzian, ospatzen zuan zazpi egunez alimaleko feria-festa antzinako hori. Litxarreria libre, lizunkeria lizentzi eta liskarra libertimendu, gotzaiak haserretu zituan zeharo; Iruñakoa, batik bat. Urretxuarrak ez zeudean alferrik erne. Feria huraxe beren herrian ospatu ahal zedin baimenak eskatu eta, 1727an, Felipe V.ak horretarako eskubide guziak eman zizkietean. Gaur arte.

Orain dela hogeita hamabost urte hantxe hintzen hi, Santaluzitan, hire andrearekin, ia bi urteko alaba Lierni orga-sehaskan hartuta, auto-tutuan egun pasa joana. Andrea kunplitu xamarrik zegoan bigarrenez, gorputz mehean sabel gizen biribil borobil… Kalean gora, kalean behera, Urretxuko plazatik Zumarragako geltokira, gustura ibili hintzen, autoatseginetan, giro onarekin. Gogoan duk jendetza, gogoan duk bazkaria, gogoan duk kafea hartzearena ere… Gogoan duk ia dena; harik eta, bat-batean, hire emaztea umeminek hartu zitean arte. Ai ene, bada: uzkurdurak! Hura estuasuna eta presa eta zalaparta…

Automobilean sartu eta Irunera, automaten gisa… Hire andrea minez txikitzen, aiumaka, arnas-estuka, hats eta putz… Ez zegoan artean Irunen eskualdeko ospitalerik, eta Urdanibia plazako bazter zera hartan emagina, erditzeko gela, medikua zain… Estuak eta larriak berriro. Eguna motza gertatu zuan eta gaua luzea, oso luzia. Ilargi betearekin. Hik, aise nahia izaki beti, ateka gaiztoan atarramendu onik ez. «Ba al dator…?», emazteari. «Noizko dugu…?», erizainari. «Hau dek hau…!», heure buruari. Erdi urren zegoena, bien bitartean, etzanik, uzkurdura gero eta sarriagoekin, minetan eta ezinetan, putz eta hats…

Gorputzak, beti ere, ba omen zekik dantzan; utzi egin behar omen zaiok… Eta hartan, denbora hiretzat aise joanean, goizaldean, heu aurrez aurre presente hintzela (buru-kaskoa ageri plop, leporainokoa atera zast, bizkarraldea libratu blup, oinak kanpoan zizt…!), jaio zitzaian, zitzaizuen, bigarren alaba, Itziar sorgintxoa, zorionik onenean, gaur bezalakoxe egunez, duela hogeita hamabost urte. Hire orduko autonomia isila eta amaren antsien pila! Izan ere, jaiotza bakoitzean bi erditze gertatzen omen dituk: kumearena eta karenarena: lehenengoan, umea libratu beharra; bigarrenean, ama salbatzea komeni.

Hazi eta hezi gero, Hondarribiko Guillerma-enean… Titi-emateak, oihal garbitzeak, orgatxoan ateratzeak, ikastolarako janzteak, demandak eta sesioak, zaputzak eta muzinak eta lainezak… Horiek denak eta askoz gehiago ere hik albotik ikusi hituen. Dantza geroago, Alamedako Elvira Ubiernarenean: euskal-dantzan hasi eta balletean amorratu: balleta, balleta eta balleta…!!! Hamabost urterekin Madrilen utzi huen alabatxoa, apopilo, ezezagunen etxean lau urtez. Zurich gero, Leipzig gero, Londres gero, Royal Opera House… Hire alabak oila-lurrean baino urte gehiago egin dik atzerrietan. Halere, autopuztua hago.

«Gaurko zure egunak,/ sorgintxoa baitu,//gau ilargi beteaz/ oparitu gaitu…//.  Zuregandiko ditxak/ ez zaizkigu ahitu:// harrotasun handitan/ ama duzu blaitu;//aita autista honek/ ere maite zaitu».

 

Bizargorri, 2015-12-14

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2016
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031