Onlaine bidez zorrotz zelatatuko omen dituzte gaizkileak Erresuma Batuan. Gaizkileak, ongileak, bakegileak eta deus ere ez egileak: den-denok gaude dagoeneko harrapatuak, antzemanak eta atzemanak; guztiok gaude sarean sareko. Sarea ikusezina bezain ihesezina da. Hona hemen adibide bat.
—Arratsalde on. Il Capone pizzeria…?
—Ez, jauna. Hau Google Pizzeria duzu.
—Barka, mesedez. Zenbakia txarki markatuko nuen, nonbait…
—Ez, jauna. Googelek erosi du Il Capone, eta bere izena ipini dio, jakina.
—A! Ondo da. Hortaz, eskaera bat egin nahiko nizueke… Ahal balitz.
—Primeran, Gartzia jauna. Zure ohiko eskea egin nahi al duzu?
—Ohiko eskea…? Gartzia jauna…!? Arraioa! Ezagutzen al nauzue, ba?
—Gure dei-identifikatzailearen arabera, azken hamabi aldietan, zuk Lau Gazta Bereziekiko Pizza Banakakoa eskatu izan diguzu. Ez da hala…?
—Hala da. Eta horixe da nahi dudana.
—Halere, baimentzen badidazu behintzat, gure Barazki Pizza aholkatzen dizut eta iradokitzen: gazta-mamiz, rukulaz, alberjiniaz, kuiatxoz eta tomate idorrez egina. Osasungarria oso. Osasuna, ondasuna.
—Ez, eskerrik asko. Barazkiak ez ditut gogoko.
—Bai, bistan da. Ordea, behar dituzu; zure kolesterola ez dabil-eta ondo.
—Zeeerrr…!? Aizu, aizu…, zuk nondik eta nola dakizu hori!?
—Sareko Medikuen Gidan (Sa.Me.Gi.)harpidetza profesionala dugulako. Geure eskura dauzkagu zure azken bost urteotako odol-analisien emaitzak.
—Ez zait gustatzen pizza hori. Gorroto ditut barazkiak. Kito eta akabo. Tratamenduan nago, gainera; eta agindutako botikak hartzen ari naiz zintzo.
—Gartzia jauna, zuk badakizu ondo botika behar bezala, arauz, hartzen ari ez zarena. Duela bost hilabete erosi zenuen Aroia Larrearen Farmazian hogeita hamar pilulako kaxa; eta harrezkero ez duzu gehiago erosi…
—Hori ez da egia. Beste farmazia batean erosi izan ditut geroztik.
—Bai ote…? Guri ez zaizkigu, ba, inondik ageri, zure kreditu txarteleko diru egoeran, ordainketa eta kitapen horien frogagarriak…
—Eskudirutan ordaindu izan dudalako; hara bestea!
—Ba, zure diru-kontu hondarren arabera, apenas duzu sosik inon. Azken diru pizarrak besterik ez dira ageri han-hemen.
—Etxean badut nik esku-diru aski. Nahi beste eta gehiago. Barra-barra…
—Benetan? Ba, azken Errenta aitorpenean ez duzu halakorik deklaratu. Irabazi baino gutxiago deklaratzen duzula aitortzen ari zara? Hori delitua da.
—Baina, baina… Zer da hau, gero!? Madarikatua, koiño! Nahikoa dugu! Dagoeneko kokoteraino eginda nago Googlez, Facebookez, Twitterrez, WhatsAppez, Instagramez… Ez eta kito! Internet gabeko irla jende gabe batera banoa ihesi hemendik perra hotsean! Han sikiera, mobilik gabe, telefonorik gabe, txartelik gabe, sare putakumerik gabe, ez nau inork ere zelatatuko.
—Konprenitzen dizut, Gartzia jauna; konprenitzen dizudanez, alafede. Baina, erne: gogoan izan ezazu pasaportea berritu beharrean zaudela, iaztik kadukatua duzu eta. Gainera: «Nahiz eta ustez, ihes joanda, onlaine sarea ekidin, sarean beti bistako zaude, patrika eta pitilin». Gartzia jauna…? Aizu…?
Bizargorri, 2017-06-07