MODA BERDEA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MODA BERDEA

Bidasoako mugaren alde biotan ez gabiltza supermerkatuen eskasian. Horietako batean, kutxazain neska gazte batek, egungo moda berdea dela-eta, kargu hartu zion atso bezero bati, esanez alegia, erosle bakoitzak bere zakutoa ekarri beharko lukeela ondo bidez, plastikozko poltsak ez direlako batere onak ingurumenerako; ekologia kakazten ari omen zela, kakazten oso.

Atsoak, barkazio eske, aitzakia agertu zion, haren denboran moda berde eta ekologia eta halako konturik aipatzen ere ez zela inon. Eta kutxazainak orduan: «Horixe da orain gure arazoa! Zuen belaunaldiko jendeak ez zuen aski kuidadurik jarri ekologiari dagokionez, eta hara zer hondamenak dauden ingurugiroan gaur. Beharko moda berdea ezarri. Zorretan zaudete gurekin».

—Arrazoi duzu –atsoak–. Gure belaunaldiak ez zeukan moda berderik bere garaian. Orduan, esne, sagardo eta gaseosa botilak dendara itzultzen genituen; dendatik fabrikara eraman ohi ziren atzera, esteriliza zitzaten, berriz ere erabili ahal izateko, birziklatzeko… Gure garaian, eskailerak oinez igotzen genituen, ttipi-ttapa, mekanikorik batere ez zegoelako komertzio eta kaleetan; dendetara ere oinez joaten ginen, hirurehun zaldiko autorik gabe berrehun metroko ibilia egiteko. Baserrietan-eta ez zen hondakinik batere pilatzen…

«Baina, arrazoi duzu. Ez geneukan moda berderik. Denbora haietan, haurtxoen pixoihalak geuk garbitzen genituen, aldiro berriak erosten ibili gabe. Arropak zintzilik lehortzen genituen eguzki eta haize energiaz, eta ez 220 voltetako makinatan… Anai-arreba txikienek zaharragoen arropak janzten zituzten, aldian aldiko modari begiratu gabe. Telebisio edota irrati bakarra zen etxero, eta ez gela bakoitzeko bat. Sukaldean, eho eta irabiatu, eskuz egiten genuen, ez elektrizitatez. Baratzan, jardinean, zelaian bazterrak garbitzeko esku-indarra erabiltzen genuen, ez motorrik tur-tur-tur. Lanean egiten genuen gimnasia, gimnasiora joan beharrik gabe, zinta mekanikoetan ibiltzera…

«Baina, hori bai, ez duzu arrazoi faltarik: gure denboretan apenas zen moda berderik. Iturritik edaten genuen ura egarritutakoan, plastikozko basoak eta botilak bost segundotan baliatu eta zazpi mendeetarako higatu gabe. Luma estilografikoak tintaz geuk betetzen genituen, txitean-pitean berririk erosi gabe; bizarra kentzeko makina kamustu orduko ez genuen zaborretara botatzen, xaflak aldatzen genizkion eta kontent ziren gizasemeak…

«Ez geneukan moda berderik orduan, ezta ekologiaren aztarrenik ere. Umeak eskolara oinez, bizikletaz, trenez edo autobusez joaten ziren, beren kasa, gurasoak taxista-morroi hogeita lau orduz eduki gabe. Gelako entxufe bakarra izaten zen, eta ez hamaika argindar zulo. Korreoz bidaltzeko paketatzen genuenean zerbait, egunkari orriak baliatzen genituen babesteko, sokak biltzeko, ez plastikozko azal eta bolatxoak. Eta ondoko hiriko jatetxe bat topatzeko, ez genuen espazioan mila kilometrora dagoen sateliteren beharrik…

«Beraz, konforme: moda berderik, ekologiaren arrastorik ere, ez genuen gure garaian. Zuen kexak ondo daude. Halere, «izena duenak izana du» da esaera zuhur zaharra; baina, izan zenean, ekologiak ez zuen izenik. Ez dakit entenditzen didazun… Eta, bukatzeko, gazte polit hori, aditu ondo: buelta ederra eman beharko diozue munduari, gure berde zaharrera, zuen ditxosozko ekologiara, ailega dadin atzera zinez berriz… Zer zor dizut…?».

Bizargorri, 2017-07-19

(Ai, gure senarra hemen balego…! Hark kantatuko ziokeen, bestela, txolin arraio horri bertsoa:

‘Guretzat beste moda berderik

ura baiñon oberikan

akaso izan liteke baiña

ez det pentsatzen danikan…’).

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2017
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31