POLITIKARIEN KARIETARA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

POLITIKARIEN KARIETARA

Jaun-andre politikariak oporretan direla, ez dut nik lan handirik hartuko. Handik eta hemendik jasoak, politikarien karietara (kausaz, motiboz) idatzi izan diren perlatxoak dakartzat gaur zure entretenigarri, solasean jolasean. Batzuk oso ezagunak, noski; besteak, auskalo. Ez niri galde ea egia direnik ere. Haiek eguzkia hartzen daudela, ea zuk atsegineko duzun ideia zaparrada hau.

Lapur txikiak lepotik zintzilik ditugu urkatzen; lapur handiak, botoen medioz aupatzen (Esopo). Politikari bat hautatzeko isil-gordeka bozkatzea, plaza beteko jendaurrean lapur bat ipintzea da (?). Politikariak igual-igualak dira bazter guztietan: zubi bat eraikiko dutela agintzen dute, non?, eta ibairik ez den tokian (N. Kushchev). Politikariek agintzen diguten guziaren hamarrena bageneuka, ez geneukake zerura joan beharrik (W. Rogers). Botoa emaiozue gutxien agintzen duenari, hortaz, harexek huts egingo dizue-eta gutxien (B.M. Baruch). Gobernu txarra etxean, zakurren potroak eltzean (Baserritar batek).

Herriko giltza politikariei eskaintzea baino, askoz ere egokiagoa litzateke serraila aldatzea (D. Larson). Ibilian-ibilian, azkenean, ondorioztatu dut, ziur-ziur, Politika asunto serioegia dela politikarien eskuetan uzteko (Ch. de Gaulle). Zure arbola genealogikoa ikertzeko, ez dago zertan dirutan ezer ordaindu beharrik, arerioek erakutsiko dizute musutruk, eske ere ibili gabe (Anonimoa). Gure arerio politikoei tratu bat eskaintzen diet, hahor: gutaz gezurrak esateari uzten badiote, nik haietaz ez dut batere egiarik esango (Stevenson).

Politikoa da BERE herriaren alde zure bizia emango duena (T. Guinan). Politika arte labain amarrutsua da, zertarako?, aberatsen sosez kanpaina finantziatuz pobreen botoak lortzeko, nola?, zein pobreari zein aberatsari aginduz, zer?, bata besteagandik babestua, defendatua, anparatua izango dela (O. Ameringer). Benetan inporta, axola eta ardura dion zeratan, jendeari bidea ebaki, eragotzi eta oztopatu: horixe da Politika, politikarien artea (M. Almazan).

Artean umegorri nintzela, esaten zidaten edonor irits omen daitekeela Presidente izatera (Cl. Daron). Asper-jorran dauden abokatuek politikari bihurtzeko joera dute; beraz, abokatuei zeregina emateak balore sozial handia du (S. Galvin). Politikaria politikari on egiten da, hurrengo hauteskundeetan ez baina, hurrengo belaunaldietan pentsatzen hasten den egunean (W. Churchill). Estatu-Gizona (-Andrea) da bere bizitzaren erdia legeak ezartzen pasatzen duena; eta beste erdia, berriz, bere lagunxaharrei ez kunplitzen laguntzen diena (Claraso). Agintariek lotsa galtzen dutenean, menpekoek errespetoa (Auskalo).

Tunelaren akaberan argitxoa bistaratzen dutenean, tunel gehiago erosten duten pertsonak dira politikariak (J. Quinton). Politikariek behin ere ez dute esaten-ari-direna sinesten; harritu egiten dira inork ezer sinesten dienean (Ch. de Gaulle). Egin-ezina egingarri bihurtzen ahalegintzen dira zientzialariak; politikariak, aldiz, egingarria egin-ezin (B. Russell). Arazoak topatzeko artea da politika; topatu, diagnostikoa egin eta erremedio okerrak ezartzekoa (G. Marx). Gai beharko luke izan politikari batek bihar, datorren hilean eta hurrengo urtean zer gertatuko den aurreikusteko; eta, ondoren gero, aurreikusitakoa zer dela-eta gertatu ez den adierazteko (W. Churchill). Egon beharko luke egun bat (bat bakarra), zeinean politikarien (senatarien, diputatuen, legebiltzarkideen, ahaldunen, …) ehizaldia ofizialki irekirik deklaratzen dena (W. Roger).

Bizargorri, 2017-08-09

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2017
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031