>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZERGA-IKUSKARIA

Urtero-urtero maiatzak, gereziondora lorearen ederra nola, halaxe dakar gure etxeetara zergaren tema. Hala hemen nola Jerusalemen. Iaz gertatua izan behar du, agidanez. Sinagoga bateko kontu-liburuak miatzera agertu zen gizaseme mehe luze azal zimur bat. Zerka-ikuskaria omen zela bera. Bertako errabino zorro handi talo-musuak artatu zuen bisitaldian.

Urteko kontu-liburu potoloa zazpi begiz aztertzen ari zela, errabinoarengana jiratu eta: «Bistan da ‒esan zuen bisitariak‒, argizaria erruz erosi duzuela aurten. Zer egiten duzue ttanttaka erortzen den argizari hondar erreusekin?». «Ba, begira ‒sinagoga-buruak‒. Jaso, gorde eta argizari egileari entregatzen dizkiogu ostera. Hark ordainetan, noizik behin, argizari kaxa berri bat erregalatzen digu».

«Ene, bada!», erantzun zuen ikuskari jaun mutur iharrak, erretxindu samarrik, bere galdera txorrotxari hain halako buelta dotorea eman ziola ikusita. Eta petral jarraitu zuen gero ere galdera tuntun gaiztoak egiten: «Gailetak ere ausarki  ekarriak dituzue… Zer egiten duzue gaileta horien guztien apurrekin?». Errabino zorro handia ordurako konturatua zen estu hartu nahi zuela ikuskariak, eta: «Ba, begira, antzeko antzera jokatzen dugu: denak ondo bildu eta gaileta egileari itzultzen dizkiogu. Hark, tarteka-marteka, gaileta kaxaren bat ematen digu gero musu truk». «Ondo da, ondo da», jaun luze azal zimurrak.

Burua hausten ari zen gizajoa, burua hausten kuanto, pentsaketan, errabino ernai hura ataka estuan nola arraio tximista jarri asmatu ezinda. Halako batean, hara non argitzen zaizkion burua eta begitartea, orain ikusiko duk hik!, bere kolkorako eginda. «Aizu, errabino; eta zer egiten duzue delako prepuzio edo buztan-mokoekin, horrenbeste erdainkuntzaren ondoren? Horrenbeste zirkuntzisio egin eta gero, zer, e!?».

«Ba, hemen ez da ezer ere alferrik galtzen ‒erantzun zion sinagogako buruak, bere talo-musuko begi ttikietan irri bihurria gordeta‒, hemen ezer ere ez denez alferrik galtzen. Ebakitako buztan-moko guztiak jaso eta gorde egiten ditugu, Zerga Biltzaileen Nagusiari Finantza Ministeriora bidaltzeko. Gero handik hark, noizetik noizera, urtean behin gutxi gorabehera, zakil bat bidaltzen digu, zakil konpletoa».

Bizargorri, 2013-05-08

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2013
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031