Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 finalaurrekoetan da. Lehian dabiltza bertsolariak, hari kuku eta honi kuku; berrogeita hiru ziren hasieran guztira. Gaur bertan Irunen da finalaurrekoetako bigarren saioa; eta finala Barakaldon, abenduaren hamazazpian. Bejondeiela bertsolariei, gai jartzailei, epaileei, antolatzaileei, tokian tokiko entzule eta langile boluntario anonimoei…
Gogoan dut oraindik aspaldi batean nola ibili ginen, gu sei lagun fin, Txapelketa Gipuzkoakoan nahiz Nagusian, epaile lanetan. Epaile, “talopala” deitu izan genion ohol puska batean gutako bakoitzak bere nota atzeko publikoari erakutsiz, bertsolariak bere bertsoa kantatu aldiro. Dena belarri egoten zen jendea aurrena bertsolariari, dena begi gero guri. Halakoxe modernoak ginen gu lehenago; modernoak, kuanto, baina ez eternoak…
Ez da erraza bertsolariaren lana, jakina; ezta epailearena ere, ordea. Bertso bati zero jartzea ezinezkoa dirudi, nola edo hala zerbait botea izan delako. Bertso bati hamarreko nota ematea ere, galarazia dagoela ematen du, beti ere beste bat hobea sor daitekelakoan. Baina, bertso txar bati hiru ala lau ala lau t’erdi jarri, bertso baleko bati bost ala sei ala sei t’erdi, eta bertso oso on bati zazpi t’erdi ala zortzi ala bederatzi, ez dago sekula batere garbi. Ibili denak badaki; ibili ez denak, aitzaki…
Horregatik ari da egunotan telebistatik Andoni Egaña esaten bertsoa ez dela neurgarria; ezin neur litekela matematikoki, hotz-beroa, ibilbidea, denbora bezala… Ezinezkoa da eta kito. Imanol Lazkanok, berriz, dio bi aldiz neurtu eta behin ebaki behar omen dela; baina epaileak bertsoa behin bakarrik entzuten du, eta epaia eman behar derrepente; hor zegok ba koxka…! Kontua da, lehia jarri baldin bada, nahita nahi ez, epailea behar dela derrigor: hauxe dago, es lo que hay, nous en sommes là… Eta akabo: abilena, juez!
Horiek guztiak hala (edo halatsu) izanik, beste intentzio bat nekarren gaurkoan zeharo. Nahiago nuke, bost xentimo baino, oraindik lehian dabiltzan bertsolari horietako batek (edo bik) aditu eta kasu egingo balit, arraio tximista!
Bertsolaria, berez, zirika-mirika ibiltzekoa da, beti su emateko pronto. Epailea, berriz, neurtzeko dago, kalifikatzeko; nahi duenean, saritzeko; gogoak ematen dionean, zigortzeko. Bertsolariak kantuan esana hitzez, epaileak fusilatuko du lapitzez; behin betirako fusilatu ere. Bertsolariek (Egañak ezetz badio ere) ezinbestean eduki behar nolabaiteko tirriatxoa epaimahaikoei…
Hona hemen, hortaz, nire proposamena bertsolarientzat, errimaren arrimoan sua piz dezaten, epaileak zer nota eman ez dakitela lotsagarri utz ditzaten, lepo luxe eta aho xabal, lotsa bera ere gorri jartzeko moduan. Oinak emango dizkizuet (badakizkizue, nik baino hobeto) elkarren antz-antzekoak ez ezik berdin-berdinak direnak, esanahi diferenterekin. Pototzat jo ezinak inola ere. Erabil itzazue lau edo sei edo bederatzi puntukoetan eta… ikusiko dugu.
Bat: hastea, astea, haztea, ahaztea (hiruna silabaz eta “s”-ez ahoskatuz). Bi: ikasi, hik hasi, hik kasi, ikas hi, hika has hi. Hiru: bota (jaurti), bota (bertsoa, tragoa), bota (botatu), bota (oinetakoa), Botha (Hego Afrikako Presidente ohia). Lau: heldu (iritsi), heldu (ez ume), heldu (umotu), heldu (ausiki), heldu (oratu). Bost: LAB aina, labaina (irrist), labaina (aizto), labaina (faltsu, mihi zuri).
Nik bost eman arren, badira beste bost aldiz bost aukera gehiago ere. Egin proba!
Bizargorri, 2017-11-01