>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HERENTZIA BILBON

Zeru-lurren ikusgarri guztietan bilbotarren irudikorik ez omen da. Herentzia omen dirudi zeruak lurrari emana… Betidanik izan dira bilbotarrak haizatu samarrak eta oso iritziak. Euskal Herrian aspaldi dabiltza ahobero, besteok baino burua gorago ekarri nahian, Ogoño adinako kopeta erakusten dutela. Baina, eurek esango luketen moduan, zeinen jaunen seme ete doguz gizontxo horrek!? Zeinen damatxuren alabatxi, maribondilla hori!? Hona asteko historia. Aditu ondo.

Bilbo-Bilboko gizaseme batek, noiz hilko zegoela, bere atzen ordu larrietan bilarazten ditu ospitaleko ohe ingurura hiru seme-alabak eta andrea. Erizain bat ere tarteko zela, hasten zaie laurei herentzia partitzen, etxekoei azken borondatea adierazten. «Zuri, Gotzon -esaten dio seme zaharrenari-, Indautxuko etxeak utziko dizkizut. Zuri, Begoña –alabari-, Plaza Eliptikako apartamendu guztiak dagozkizu. Zuri, Sabin –seme bigarrenari-, gazteena zarelako eta, beraz bada, etorkizun borobil luzea duzulako noski, Iberdrola Zentroko bulego guztiak utziko dizkizut. Eta zuri, ene andre laztana, zuri, Isuzaki Dorreen eraikuntza oso-osoa».

Hartan, erizainak, ahoa zabalik eta begi biak zuringo, hala esaten dio andre kasik alargunari, miretsita: «Suertea zuena, alajainena! Hori da, hori, gizonaren aberatsa! Egundo halakorik…!». Eta erantzuna harena: «Zaude isilik, emakumea, zaude isilik. Gure gizontxo hau, aberatsa!? Baita zera ere! Esnezalea da-eta! Aitatu dituenak, berriz, esnea partitu beharreko puntuak. Gure herentzia Bilbon, zer?, eta lana, beharra. Beharra, beinke! Ezin konta ahalako aukera onez betea dugu hiria; zertako letxe txarra egin?».

Bizargorri, 2013-05-22

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2013
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031