Irteera. Surf eta arraun festa elemeniaka izan da aurreko astean hemen. Donostiako badian, belaz edo arraunez edo motorrez, pinpirin asko ibili zitzaizkigun urez txalupak eta batelak eta traineruak, antzina zaharreko izan, moda modu berriko izan. Telebistetan eta irratietan, bi estropada zoragarri. Australian, berriz, Euskadiko Selekzioak munduko txapelketa irabazi zuen (hirugarren aldiz) kayak surfen…
Lehen ziaboga. Guztiak ez gara, ordea, ore beretik eginak. Hala frantses nola espainiar telebistentzat, arestiko horiek denak alferrik egon dira, debaldetan. Eta, jakina denez, telebistan agertzen ez dena ez da existitzen. Eta, jakinago denez, ezagutzen ez dena ez da maitatzen ahal. Gure arraunarenganako (besteak beste) auzo handiki horien utzikeria handia da zinez: egiari zor diogu hala aitortzea.
Bigarren ziaboga. Joan den larunbatean Pasai Donibanen hartu zituzten oriotarrek atsegin-kontentuak, branka denen aurretik helmugan sartuta erlojuaren kontrako estropada saioan. Orion bada mutil iaiorik… Baita Hondarribian ere oriyotarrak hausteko jaiorik! Hi bahaiz, ni banauk; eta igande eguerdian, Oriaren glorian, zer?, eta «bat-bi-hiru-lau, Hondarribiak Oriori irabazi bandera!».
Azken ziaboga. Surfean egiteko era bat da Stand Up Paddle deitua, oso modako jarri zaiguna. Zutik Goian Pala esan nahi omen du. Baldin eskatu izan balitzaie aditu handituei euskaratu zezaten, “ohol gainean zutik arraun” edo “oholgainpala” edo “zutikohola” edo auskalo zer atera izango ziguten. Herri jende xeheak aurrea hartu die, ordea, eta “arraun surfa” asmatu dute. Bejondeiela. Itzulpen ona sormena ere badelako… Bandera!
Bizargorri, 2013-07-24